Iritzia: Ez baitu begirik harriak

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 23a, 17:30

Josi Basterretxea

Basamortuko hondarra sartu zait begietan. Afganistango argazki batek eragin dit gaur goizean zirrara. Argazki horretan, neska-mutilak ikusten dira garraioan, batzuek ura, besteek egurra, hainbatek etxeko tresnak; denei begira eta so: soldadu bat, bera hainekoa den arma bat eskuetan duela, giroa kontrolatzen edo.

Argazki-oinak dioenez, sarraski burugabea eragin dute NATOko tropek Afganistanen, zibilen artean. Bake nobel saria jaso berria du Barack Obama Estatu Batuetako presidenteak, hark igorritako tropak dira sarraskiaren eragile.

Zibilak hiltzean gorritzen zaizkigu begiak. Ematen du militar armatuak hiltzea beste kupel bateko ardoa dela. Haiek familiarik ez balute bezala. Gizakiak ez balira bezala. Odol gorririk ez balute bezala.

“Ez du begirik harriak”, esaten zigun umetan amonak. Arrazoi borobila, bere xumean. Gero argitzen zigun amonak: kontua ez dela punteria ona edukitzea, harririk ez jaurtitzea baizik.

Auzotarren leihoetako kristaletara mugatzen zen gure bandalismo infantil hura. Bestelakoa da gaurko bandalismo militarizatu hau.

Afganistanen ikusi dugu berriz ere gerra saindu modernoen paradoxa hipokrita. Arma inteligenteak asmatu ditugu, hori dio propaganda belizistak. Baina, zibilak akabatzen dituzte arma listo direlako horiek.

Ez baitu begirik harriak.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/josibasterretxea2010223.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!