Euskarazko irratia beharrezkoa dela aitortu du PSNk

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 23a, 13:30

Irrati euskaldun publikoa sortzea proposatuko dio foru Gobernuari

RTVErekin hitzarmena eginez, Nafarroako Gobernuak euskarazko irrati publikoa sor dezala eskatzeko mozioa aurkeztuko du PSNk foru Parlamentuan. Beraz, inplizituki bada ere, irrati euskalduna beharrezkoa dela aitortu du alderdi sozialistak.

Juan Jose LIzarbe PSNko parlamentarioak egin du iragarpena. Lizarberen hitzetan, haien proposamenak "ez du inondik inora ebitatzen orain arte existitzen diren proiektu eta eskaerak".

Are gehiago, legebiltzarkide sozialistak adierazi duenez, Gobernuaren irrati lizentzia banaketa "nahiko tamalgarria izan da", eta mozioko beste puntu batean, UPNko Gobernuari galdeginen diote irrati lizentzien banaketa administratiboa egin dezala. Mozioaren eskaera nagusia, betiere, Gobernuak Ikus Entzunezko alorra berpizteko plana sor dezala.

Nolanahi ere, irrati euskaldun publikoa sortzeko proposamenak zenbait zalantza eragin dizkigu. Aladino Colinek duela 20 bat urte, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde sozialista zelarik, proposamen bera egin zuen.

Zergatik PSNk ez du ordutik deus egin edo esan?  Zergatik berpiztu du egitasmoa orain? Zergatik hain justu epaileek irrati lizentzia baliogabetu dutelarik? Zergatik ostegunean Parlamentuan gai honi buruzko beste mozio bat eztabaidatzearen bezperaren bezperan? Bestalde, Nafarroan euskarazko irrati publikoa sortu behar bada, zergatik RTVErekin elkarlanean?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!