Aitor Etxarte
Denok jatorrak gara. Euskal Herrian denok. Etsaiak kenduta noski, higuina diegunoi kenduta, bizilagun nazkagarri hori kenduta, politikariak kenduta, eta abar. Gainerako guztiak jatorrak dira.
Misterio handia da niretzat jatortasuna zer den eta nori dagokion. Jatortasuna, jakina, errealitate batek sorreratik duen tasun edo ezaugarria da. Gaur egungo adierak lotura du pentsaera tradizionalak eman zion bidearekin.
Jatorra hemen jaiotakoa zen, arbasoak bertakoak zituena, abizenetan erakusten zuen bezala, hemengo ohituren jarraitzaile, hau da, moral katolikoaren defendatzaile, familia patriarkalaren partaide, lanarekiko ardura erakusten zuena, gizonezkoa izanik neurriko parranda zalea zena eta abar.
Zer esan nahi dugu bestela ez-dakit-nor jatorra dela esaten diogunean? Gutarra dela, ez dela besteetarra. Sailkapena ez da batere argia baina barra-barra erabiltzen dugu. Ematen du borondate oneko pertsona horrela kalifikatzen dugula, itxuraz zintzoa dena, gure zintzotasunaren antzekoa dena, agian.
Eta horrelakoetan nintzela horra hor Bertrand Russellek idatzi zuen pasadizo argigarria. Bere garaian oso ezaguna izan zen Lord Melbournez ari dela, hau zion:
Lord Melbourne, Viktoria erreginaren ministroa izan zen, eta pertsona on horietako bat. Bere bizitza pribatuan atsegina oso zen, kultua, irakur zalea, gizakoia eta liberala. Aberatsa zen ere. Bere ondasun izugarria ikatz meatzetan sortua zen, non haurrak ordu luzeetan eta ia erabateko iluntasunean lan egiten zuten miseria baten truke.
Tipo jatorra Melbourne hau, baietz. Guk ere bere bizitza pribatuan ezagutuz, hori bera esango genuke.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/aitoretxarte2010215.mp3]