Iritzia: Agirregomez familia (oin-ohar bat alienazioaren historiarako)

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 8a, 20:11

Gorka Bereziartua

Juan Agirregomezek 14 ordu sartzen zituen egunero metal enpresa handi batean, igandeetan izan ezik. Lan urdinez jantzitako gizon gordina, etxera bueltatzean bakarrik eranzten zuen buzoa. Behin, izerdi eta neke artean, norbaitek “alienatuta” bizi zela esan zion, eta horrek goitik behera aldatu zion beharrari buruzko ikuspegia. Sindikatu klandestinoan sartu zen, eta erretreta hartu arteko urteak pasa zituen borrokan: lan denbora alienatzailea gutxitzeko borrokan, ahalik eta plusbalio gehiena lankideei itzultzeko borrokan.

Horri esker, Juanen semea, Jon Agirregomez, lanean hasi zenerako 8 orduko lanaldia indarrean zen, eta soldatak ere errespetagarriagoak ziren (tira, zertxobait). Bulego batean aurkitu zuen lanpostua, eta egunaren herena pasatzen zuen han, larunbat eta igandeetan izan ezik. Jon Agirregomezek, bere aitak ez bezala, bazeuzkan ordu ez-alienatzaileak egunero, libre izateko. Baina bateko telebistan ikusitako azken produktua, eta besteko lankideek bezala Vietnamera oporretara joan nahia, zurrunbilo batean sartu zen: auto berria bost urtero, azkeneko gadget teknologikoak, markako arropa, jatetxe onetan afaldu... Dirua majo irabazita ere, izerdi eta neke artean lortzen zuen etxeko ekonomia orekan mantentzea.

Eskerrak akordatu zela aitak “alienazioa”ri buruz esaten zituenez, eta hortik tiraka ulertu zuela libre ustean egiten zituen gauza asko, funtsean, alienazio mota berriak baino ez zirela: lan orduak ez ezik, denbora librea ere alienatzaile bihurtzen zuten joera gaiztoak. Eta gutxiago kontsumitzea hobeto bizitzeko baldintza zela ulerturik, ohiturak aldatu zituen.

Jon Agirregomez juniorrek berriz, ez du orain arte horrelako buruhausterik izan. Ez 14 eta ez 8: lanik aurkitu ezinda dabilen gazte horietako bat da. Lanak alienatzen ez duen gazte bat; lanetik kanpoko kontsumoarekin bere burua alienatu ezin duen gazte bat. Goizero, izerdi eta neke artean curriculumak bidali, mila atetan jo eta lan elkarrizketa pare bat egin ondoren, kalean zer suma ez egoteagatik liburutegira joaten hasi da. Eta galdera berriak sortzen zaizkio irakurtzen dituen gauzetatik. Aurrekoan batzuk bota zizkidan: ea alienazioan oinarritzen den sistema batek irauterik baduen bera bezalako hainbeste jende alienatu gabe; ea non dauden ezkerra, sindikatuak, kazetari konprometituak, inondik ez direla ageri; eta berak ja ez dakiela nondik jo, edo nora.

Ez nuen jakin zer erantzun. Arrazoia zuela, pixa egiten digutela, eta prentsa euria dela esaka; eta ematen duela ekonomiaren deskalabro hau gertatu dela, batez ere, behingoz argi gera dadin ezkerrak ez daukala inolako alternatibarik. Nahiago nuke oker ibiliko banintz, eta sortuko balitz zer edo zer interesgarria. Ezkerretik ez bada, muturragoko eskuinean bilaka hasiko baita jendea. Eta hori beti izango da oso alienatzailea.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/inf20543.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!