Cordovillako harrobiko bi harribitxi

Euskalerria Irratia 2010eko urtarrilaren 27a

Zinez ikusgarriak iruditu zaizkigu Nafarroako prentsako dekanoak azken egunotan argitaraturiko bi informazio. Cordovillako harrobi agorrezineko bi harribitxi. Hizkuntza ereduei buruzkoa, bata. Nafarroako Unibertsitate Publikoari buruzkoa, bestea. Lehena, astelehenean karrikaratu zuten, azalean, lau zutabera: "Nafarroan, urtero bi mila ikasle inguru aldatzen dira hizkuntza ereduz". Azpititular guztiz argigarria: "Haietatik %82k euskararekin dituzte arazoak eta A eredutik Gra aldatzen dira". Noiz argitaratuko halako goiburua eta, kurioski, aurrematrikulazio kanpaina abiatzear dela.

Ematen dituztenak datu errealak dira. Baina beste hainbat datu objektibo emateke uzten dituzte: euskara ikasgai huts moduan duen gaztelerazko A eredua batez ere Euskararen Legearen araberako eremu ez euskaldunean eskaintzen dute. Talde euskaltzaleek hainbatetan salatu dute A eredu horri ez zaiola iraunkortasunik ematen. Oso ikasle gutxi aldatzen dira euskara hutsezko D eredutik gaztelera hutsezko G eredura.

Bigarren perla, asteartean plazaratu zuten, hau ere lehen orrialdean, baina hizki molde txikiagoz, bi zutabera: "NUPen ekintza bandalikoak egitea leporatzen dio Ikasle Abertzaleak taldeari poliziaren txosten batek". Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak eta Foruzaingoak diote ez dutela halako txostenik egin. Ustezko txostenak IAko kideei egozten ziena, hitzez hitz, betiere Cordovillako egunkariak argitaraturikoaren araber,  NUPeko eraikinetan "kartelak jartzea, propaganda zabaltzea eta erretzea". Gazteleraz, "fumar". Ikaragarria. Zentzu batean baino gehiagotan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!