Jon Orzaiz
Kolorez jantzi zen herenegun Berriogoitiko hilerria, Txinparta elkarteak burututako omenaldian. Frankismo garaian San Cristobal gotorlekuan hildako 13 presori gorazarre egin zieten, eta granitozko hilarrien grisa bandera errepublikarren gorri, hori eta morearekin estali.
Krabelinek gorriz zipriztindu zuten gero tristuraren beltza. Orban gorri bat, herrian lurperatu zuten preso bakoitzeko. Hamahiru krabelin gorri, hamahiru pauso txiki, memoria historikoa berreskuratzeko bidean. Baina bestelako kolorerik ere izan zen.
Uniformeen berde ilunak beldurraren usaina hedatu zuen berriz paraje mortu horretan. Zorigaiztoko patrola ikustean, bertaratutako askok tristuraz eta suminez gogora ekarri zituzten, zenbait urte lehenago, uniforme eta trikorniodunek eragindako minak.
Oraingoan, uniformedunek ez zuten inor atxilotu. Grabatu bai. Berriogoitira hurbildutako guztiak kamera txiki batekin grabatu zituzten, kolore horiek guztiak nonbaiten gordetzeko asmoz, akaso. Uniforme berdeak, trikornio beltzak eta hilarri grisak. Bertaratuek inoiz gehiago ikusi nahi ez luketen ortzadar ubela.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/01/jon-orzaiz-2010125.mp3]