Iritzia: Haitirik ez da gehiago

Euskalerria Irratia 2010ko urt. 20a, 12:20

Aingeru Epaltza

Marineak ailegatu dira Haitira, dena kasko eta arma. Haitiarrek txaloka egin diete ongi etorri. Obama da haitiarrei gelditzen zaien esperantza bakarra. Eta marineak dira Obamaren enbaxadoreak. Haitik amore eman du. Ezin du gehiago esklaboen altxamenduak independentziara eraman zuen herriak. Burua makurtu du Napoleon handiaren armadari gaina hartu zionak.

Denetarik sufritu du Haitik bere bi mendean. Historiak azkenaren azkenekoak bilakatu ditu haitiarrak. Jainko anker baten madarikazioa balitz bezala, bata bertzearen ondotik etorri zaizkie kanpo zor hiltzaileak, atzerritarren okupazioa, diktadurak, eliteen ustelkeria, agintarien desgobernua, bortizkeria endemikoa, hiesa, gosea, baso galtzea, sumendiak, hurakanak, uholdeak…

Lehengo asteko lurrikarak eman zion azkena. Haitirik ez da gehiago.

Orain, haitiarren esperantza bakarra Obama da. Eta haren marineak. Txaloka hartu dituzte, salba ditzaten, norengandik eta haitiarren berengandik.

Haitiarrak potrotaraino daude azkenaren azkenak izateaz. Haitiarrak potrotaraino daude haitiarrak izateaz.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/01/aingeru-epaltza-2010120.mp3]

Deskargatu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!