Sebastianen bideak, xenofobiatik gertu

Euskalerria Irratia 2010ko urt. 19a, 12:39

Jaungoikoaren bideak ezin asmatuzkoak dira. Iruñeko artzapezpiku emeritu Fernando Sebastianenak, ez horrenbeste. Haren bideak xenofobiatik gertu daude, Infocatolica webgunerako idatzi duen artikuluak agerian utzi duenez. Hartan, besteak beste, honako perla hau izkiriatu du: "Musulmandarrak gure herriez jabetzeko une egokiaren zain dira".

Idazkia abortuari eta sexu heziketari buruzkoa da. Hartan dio "antisorgailuak eta abortua bultzatzen dituen kultura kultura suizida" dela; izan ere, azken hiru belaunaldietan, jaiotze tasa laurden batera jaitsi da eta "geratzen diren hutsuneak etorkinek betetzen dituzte".

Sebastianen aburuz, aurki "Alemaniak ez du alemaniarrik edukiko, ezta Frantziak frantziarrik eta Espainiak espainiarrik ere". Hori guztiori gutxi bailitzan, Sebastianen hitzetan, "Musulmandarrak gure herriez jabetzeko une egokiaren zain dira". La caja debajo de la cama blogak salatu du idazkiaren edukia. Horren ondotik Sebastianek artikuluaren pasarterik gordinenak desagerrarazi ditu Infocatolica webgunetik. Baina aztarnak utzi ditu. Interneten testu originala aurki daiteke, katxeen bitartez.

Irudia: La caja debajo de la cama.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!