Euskalerria Irratia zabalik mantentzeko asmoa berretsi du Iruñeko Komunikabideak SA-k

Euskalerria Irratia 2010ko urt. 15a, 14:41

Euskalerria Irratiaren aldeko apustua berretsi du haren sustatzaileak,  Iruñeko Komunikabideak SAk. Hona hemen gaur goizean egindako agerraldian plazaraturiko adierazpena, Nafarroako gizateari zuzendua:

"IRUÑEKO KOMUNIKABIDEAK SA-k bere ezohiko batzar nagusian adierazten du eta iritzi publikoari jakinarazten dio:

1. IRUÑEKO KOMUNIKABIDEAK SA-k bere sorrerako helburuak berresten dituela; hortaz, lehen, egun eta etorkizunean ezinbestekoa den gure hizkuntzaren, nafar hizkuntzaren, presentzia komunikabideetanziurtatzeko eta nafarrok informazio eta iritzi eskubidea euskaraz hedabideetan lantzeko, adierazteko eta hedatzeko dugun eskubidea betetzeko sortu ginela eta helburu horien gaurkotasunak bere horretan dirauela.

2. EUSKALERRIA IRRATIA 1987an sortu genuenetik zailtasunak zailtasun, GIZA ESKUBIDEEN ADIERAZPEN UNIBERTSALAren 19. artikuluak aldarrikatzen duen adierazpen eta iritzi askatasun eskubidea gure egin eta gainera gurea den hizkuntzan betetzeko gizartearen ekimenez sortutako baliabideak erabili, erabiltzen eta erabiliko ditugula, betiere ekimen pribatuko irrati komertzialeei dagozkien Europako arauak eta espainiar Estatuko lege zein administrazio xedapenak aintzat hartuz.

3. Nafarroaren aniztasunaren baitan oinarrizko osagai bat garela, aberastasun horren osagarri bat, bat gehiago, baina ez gutxiago izateko sortu ginela; horixe garela etra horrelaxe izaten jarraituko dugula eskura ditugun gizarte, ekonomia eta legezko baliabide guztiak erabiliz.

4. IRUÑEKO KOMUNIKABIDEAK SA-k Euskalerria Irratia zabalik mantzentzeko asmoa berresten duela eta beronen garapena erasoaldi eta zailtasun guztien gainetik sustatuko duela. Nafar asko gara euskalgintzatik, nor bere esparruan, gure gizartearen eraikuntza eta guztion elkarbizitzaren alde lanean jardun eta une honetan egoera larrian gaudenak; beraz, orain arte bezala aurrera ere elkarrekin, auzolanean, gurea eraikitzen jarraitzeko asmoa dugula.

5. Orain arte lagundu diguzuenoi eskerrak eman eta kinka larri honetan gurekin batean Nafarroaren eta euskararen alde lanean diarduzuen Euskalerria Irratiko langileei, kolaboratzaileei eta entzuleei, Euskalerria Irratia Elkarteari, hainbat komunikabideri zein adierazpen honetan biltzen diren printzipioekin bat egiten duzuenoi, orori, ESKER MILA eman nahi dizkizuegula orain arte elkarlanean lortu dugunarengatik eta aurrera ere elkarrekin lanean jarraitzeko beharra dugula.

Iruñean, 2010eko urtarrilaren 14an

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!