Iraungitako isuna

Euskalerria Irratia 2010ko urt. 11a, 13:02

Euskalerria Irratiari 30.000 euroko isuna ezarri dio Espainiako Industria Ministerioak, interferentziak eragin dituelakoan. Prentsak hala publikatu du asteburu honetan. Eta hala da. Egunkariek zabaldu ez dutena, isuna iraungita dagoela. Ustela dela, zentzu batean baino gehiagotan.

Arauturiko prozedura administratiboaren arabera, Ministerioak urte beteko epea zuen espedientea zabaldu zuenetik Irratiari zigorra helarazteko. Eta ez du bete. Epez kanpo publikatu du isuna Espainiako Buletin Ofizialean. Jakinarazpena ez dio garaiz helarazi irratiari. Hori dela kausa, 2009ko abenduaren bederatzian, Euskalerria Irratiak idazkia helarazi zion Ministerioari, finkaturiko epea bete ez duenez, espedientea artxiba dezala eskatuz.

Isun ustela, prozedurari doakionez eta baita edukiari dagokionez ere. Irratiari zigorra ezarri diote Erreniega mendian zuen emisorearekin interferentziak eragitea, legez kanpo emititzea eta baimenik gabe azpiegitura radioelektrikoak altxatzea egotzirik.

Irratiak interferentziarik eragin ez duela argi uzten duten txosten teknikoak aurkeztu ditu, eta inork ez du frogatu okerrak direnik. Areago, inork ez die erantzun modu dokumentatu batean. Bestalde, Erreniega mendiko azpiegitura radioelektrikoak, emisoreak, beharrezko baimen guztiak ditu, bai Udalarena, baita Nafarroako Gobernuarena ere. Egia den bakarra, baimenik gabe emititzen ari garela, hamaika jukutria egin dituztelako guri lizentzia ukatzeko. Hain justu horixe da ozen exijitu nahi duguna, merezi dugun, dagokigun lizentzia behingoz eman diezagutela.

Irratiaren entzule zein lagunei exijentziarik ez. Bai, ordea, eskaera, adi ibil daitezela, agian, beste behin ere, haien laguntza beharko dugu eta. Lerron azpian, Euskalerria Irratiko zuzendari Mikel Bujandaren azalpenak, audio grabazioan.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/01/mikel-bujanda.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!