Barrena: "PSNk aukeratu behar du non egon nahi duen, eskuinarekin ala ezkerrarekin"

Euskalerria Irratia 2001ko aza. 30a, 01:00

Pernando Barrena, Sorturen egoitzan

Goikoetxea auziari buruzko ikerketa batzordea amaiturik, PSNk zentsura mozioari eutsiko diola, aurkeztuko duela uste du Pernando Barrena Sortuko eledunak: "Badakigu alderdi sozialistak zer egin duen beste batzuetan. Nola jarri duen Bildu aitzakia gisa ez mugitzeko. 2007ko abuztuan ez zegoen ezker abertzalea, eta begira nola jokatu zuten. Egin arte ezin dugu deus esan, ezin gara fidatu. Berriro gertatuko da hori? Ezin da erabat baztertu, baina nik uste hartu duten bidean gehiegitxo egin dutela aurrera orain atzera egiteko".

Metropoli Forala saioan azaldu duenez, PSNk atzera egiteko beranduegi dela begitantzen zaio: "Nik uste dut nafar gizartean dagoen asebete sentsazioa geldiezina dela momentu honetan, eta Madrilek inposatuko balio PSNri bere ikuspuntua bere heriotza politikoa zertifikatzen ariko ziren". Bere idurikoz, gakoa da PSNk behingoz erabaki behar duela non egon nahi duen: "Aldaketa politikoa gerta dadin, ezkerreko indar abertzaleak ezinbestekoak dira, eta PSNk erabaki behar du haiekin egon nahi duen, ala eskuinarekin".

Ikusteko dago hauteskundeak maiatzaren 25era aurreratuko dituzten, ala 2015ean eginen dituzten. Edonola ere, bozen ondotik gobernu alternatiboa eratzeko tenorean, ez dirudi alderdi sozialista prest legokeenik Bildurekin koalizio gobernua eratzeko. Galdera da, beraz, ea Sortu prest legokeen gobernu alternatibo bat kanpotik sostengatzeko. "Beti prest izanen gara eskuina gobernutik kentzeko, baina hemen ez da soilik gobernu aldaketa bat behar, baizik eta praktika berriak, jende berriarekin. Gainera, PSNk erabaki behar du behingoan 30 urtez izan dugun erregimenaren partaide eta sostengu izan nahi duen, edo benetan ezker alternatibo berri baten parte izan. Nire ustez oso zaila da oraindik hautu hori hartu ez duen alderdi sozialistarekin gobernua osatzea",

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!