Iritzia: Negua maite dut nik.

Euskalerria Irratia 2001ko aza. 30a, 01:00

Iñaki Irisarri

Negua maite dut nik. Bai, askotan gogorra, nekagarria, tristea eta ez dakit zer gehiago izan daitekeen, baina nik maite dut. Tira, ez dut esanen udaberria baino gehiago maite dudala, baina bai, besterik gabe, maite dudala. Azken batean, gero eta gauza gutxiago gelditzen dira munduan gizakiok erabat kontrolatzen ez ditugunak, eta negua, dudarik gabe, horietako bat da.

Faktore basatia da negua, esan bezala, gizakiok erabat kontrolatzen ez duguna: hotz handia, ipar-haize gorria, elurteak, sekulako uholdeak... gure eguneroko bizimodua egun batetik bestera hankaz gora jartzeko moduko zerbait. Izan ere, gizakiok oso atsegin dugu pentsatzea betiereko udaberri amaigabean bizi garela, ustekaberik gabeko zelai berde eta loratu batean, eta noizbehinka ez zaigu batere gaizki etortzen naturak gogoraraztea zer ahul garen, eta zer txiki.

Euskal esaera zaharrak dio neguak edertzen duela udaberria eta bai, hala da, nahiz eta gero, udaberria iristen denean, normalean ez dugun gogoratzen neurri handi batean, neguaren lana dela udaberriaren oparotasun eder hori. Baina gaur aldarrikatu nahi dut negua bera dela ederra, ez bakarrik udaberria edertzen duelako, baizik eta bera dela ederra, bere hotz, euri, ustekabe eta traba guzti-guztiekin. Eta gainera, konturatzen bazarete, gu hobeak izateko aukera ematen digu neguak. Azken batean negua den bezalakoa da eta guk ez dugu aldatzerik, eta beraz, egin dezakegun gauza bakarra da jarrera bat agertu aldatu ezin dugun eguraldi txarraren aurrean. Horrela, bada negu osoa kexu eta gaizki esaka ematen duena, eta bada, baita ere, ezinbestekoa onartu, ahal neurrian gozatu, eta betiere irribarrea galdu gabe, beste udaberri bat etorriko dela ahazten ez duena. Nik bigarren hori nahiago. Gainera, niri iruditzen zait neguan gozatzen ez dakienak, udaberrian ere nekez gozatuko duela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!