Euskal eskola publikoaren jaia maiatzaren 17an, Sarrigurenen

Euskalerria Irratia 2015ko api. 28a, 11:10
Sortzen jaia iragarri dute gurasoek eta elkarteko kideek. Argazkia: Sortzen.

"Izpi berriez, eskola berria" leloarekin Sarrigurengo ikastetxea ari da Sortzen jaia antolatzen. Maiatzaren 17an ospatuko dute festa. 20 urte beteko ditu Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaiak.

"Izpi berriez, eskola berria" lelo aproposa erabaki dutela nabarmendu dute Sortzen elkarteko kideek: "Sarrigurenek euskal eskola publiko berria behar du, oraingo ikastetxean kabitu ezinik dabiltza haurrak". 992 haur ari dira Sarrigurengo ikastetxe publikoan eskolak hartzen nahiz eta, 675 ikaslerentzat eraikitakoa den. "Ikastetxea zabaldu egin dute baina horrek ez du arazoa konpondu, ikasgela gehiago sortu dituzte baina komunak diren gelak berberak dira eta hortaz ez ditu baldintzak betetzen", hala nabarmendu du Irati Askunze Sortzen jaiaren antolatzaileetako batek.

Izpitxo izanen da maiatzaren 17an protagonista. Euskal Eskola Publiko berria aldarrikatuko duen pertsonaia dela iragarri dute: "Haizeak gogor jotzen duen herrian, eguzki izpiak ekarriko dizkigu Izpitxok". Duela hiru urte hasi ziren Sarrigurengo gurasoak, haurrak eta irakasleak ikastetxe berria behar zela aldarrikatzen.

Heldu den ikasturteari begira ere kezkatuta daude. 3 urteko 215 haurrek egin dute aurre-matrikula ikastetxean eta lekurik ez dago denentzat. "Benetako irtenbideak behar ditugu arazoari aurre egiteko eta horiek ez dira ikasgelak zabaltzearekin konpontzen".

Euskal Eskola Publikoaren jaiak, 20 urte

Egun osorako egitaraua ari dira osatzen. Dantza, musika, kale ikuskizunak, antzerkiak, animazioa, tailerrak, kontzertuak ... hiru gunetan banatuko dituzte. Jaia iragartzeko abestia ere entzungai jarri dute. Zwekere taldeak sortutakoa da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!