Gendulaingo planak "hirigintzan lurrikara" eraginen duela diote Galar eta Zizurko udalek

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 9a, 09:57

Zizur eta Galar zendeako udalek, udalerriz gaindiko proiektuari errekurtsoa jarriko diote.

18.300 etxebizitza baino gehiago eraiki nahi dituzte Gendulainen. Zizur eta Galar zendeako udalek, udalerriz gaindiko proiektuari errekurtsoa jarriko diote "amets megalomanoa" delakoan eta "hirigintzan lurrikara" eraginen duelakoan. 

Nafarroako Parlamentuan izan dira bi zendeetako udaletako ordezkariak. Cecilio Lusarreta Galar zendeako alkateak esan du kezkatuta daudela udalaren autonomia zanpatzen ari direlako eta gutxi batzuen interesak lehenetsi dituztelako bizilagunen nahi eta beharren gainetik. "18.300 etxebizitza egitea gehiegizkoa da baina oraindik ez dute lortu egitasmoarekin hastea, beraz, duela azken 10 urteotan bezala auzitegietan borrokatzen segituko dugu", azpimarratu du. Galar herria, landa giroko herria dela ere azpimarratu du, kultura etnologikoa oso bizia duena eta horri eustea komenigarria litzatekeela ohartarazi du: "Udalerriz gaindiko plan horrek udalei dagokigun eskuduntza lapurtzea dakar". 

Lan saioan izan dira Parlamentuan Bilduk eta Aralar-Nafarroa Baik eskatuta. Zizur zendeako alkateak, Jesus Antonio Barricartek gogorarazi du Gendulaingo mamuak hamar urte bete dituela, "18.300 etxebizitza eraiki nahi dituzte eta gerora beharrezkoa izanen den garapenerako planik egituratu gabe eta udalei beharrezkoak izanen diren zerbitzuak eskaintzeko mugak jarriz eraman nahi dute aurrera plana". Gaineratu du, Zizur zendeako alkateak "Gendulain plana" hirigintzaren burbuila gori-gorian zegoenean sortu zela eta gaur egun zentzugabea dela, ez dagoelako halako eskaerarik". 

Errekurtsoa jarriko diote planari

Bi udalek bat egin dute egitasmoaren aurkako borrokan. Epaitegietara joko dute datozen egunetan. "Prozesua behar bezala bete ote den, forma aldetik akatsik baden eta beste irregulartasunik ba ote den jakin behar dugu", nabarmendu du Barricartek. Herriek duten bizitzeko modua aldatzera datorren proiektua dela uste dute alkateek. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!