Erantsuseko jauregia erre da

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 22a, 17:50

Hutsik eta egoera txarrean zegoen jauregiari kalte larriak eragin dizkio suak larunbata eta igande arteko gauean.

Larunbat gaueko 23.40etan Nafarroako Larrialdi Zerbitzuak dei bat jaso zuen ohartaraziz sute bat zegoela Eguesibarrean, mendian nonbait. Suhiltzaileak hara iritsita, ordea, sutan zegoena Erantsuseko jauregia zela ikusi zuten. Lau orduz aritu ziren lanean sua erabat itzali arte.

 Jauregia aspalditik hutsik zegoen eta oso kontserbazio egoera kaxkarrean. Teilatua eroria, leiho eta aterik gabe eta barrualdea zaborrez betea.

 Suak kalte larriak eragin dizkio eraikinari eta sutearen jatorria ikertzeari heldu diote suhiltzaileek.

 Historiaz beteriko jauregia

 Jauregia, ibarreko beste jaurerri batzuen kasuan bezala (Egulbatikoa, esaterako), armategi-kabu jauregia zen Erreinuko nomina ofizialean, eta 1513ko diruzainaren zerrendan ageri zenez, bertako jauntxoa kuartelen zerga ordaintzetik salbuetsita zegoen.

 XVI. mendeko gazteluko armarria gorria zen, urrezko hamabi billetez inguratua; jadanik garai hartan Erantsusen zegoen leinua antzinatik zetorren seinale. Esate baterako: 1275ean Roldán Périz de Eransus Eloko gazteluko alkaide zen, eta Martin Ferrandiz de Eransusek bere ardurapean zuen Orraegiko gotorlekua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!