1948ko arabiar-israeldar gerran zehar zazpiehun mila palestinar baino gehiago izan ziren beren etxetik egotziak. Zenbait hamarkada geroago, XXI. mendearen hasieran, emakume palestinar batek gertakari horri buruzko artikulu batekin egin du topo, eta, harekin lotutako detaile xume batekin obsesionaturik, bidaia arriskutsu bati helduko dio lurralde okupatuetan zehar, egiaren bila. Irakurle taldean Adania Shibli idazlearen Detaile xume bat aztertuko dute, arratsaldeko 19:00etan, Katakraken.
Eneko Sagadoy protagonista duen antzezlanean seme baten eta haren amaren arteko elkarrizketa entzuten dugu. Euren arteko harremana sendatzea eta hainbat gauza aitortzea helburu du obrak eta Édouard Louisen eleberriaren egokitzapena da. Arratsaldeko 19:30ean abiatuko da emanaldia. Sarrerak zortzi euroan eskuratu daitezke.
Huntaz eta hartaz musika emanaldia Joseba Sarrionaindia eta Ruper Ordorikaren eskutik. Emanaldi berezia egingo dute biek Nafarroako Antzerki Eskolan, Karrikirin antolatuta. Arratsaldeko 19:30ean hasiko da emanaldia eta sarrerak 15 euroan eros daitezke.
Eñaut Zubizarreta biolontxelista gazteak munduko txoko ezberdinetako musika tradizionaletan jarri du fokua: DOODEM. Musika eta dantza ikuskizun honetan Moruren bidaia kontatzen da. Zerk eraman zuen Moru bere sorterria utzi eta bizi berri baten bila joatera? Gaueko 21:00etan. Kontsultatu menua eta izena eman.