Arrosadia hegoaldeko berrantolamendua: bidegorriak, oinezkoendako eremuak eta lotura-bideak

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 3a, 08:58

9.000 m2-ko erreserba eraikigarria ere sortu du Iruñeko Udalak; guztira, 2,2 milioi euroko inbertsioa egin du.

Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideek bisitatu dute zirkulaziorako eta oinezkoen joan-etorrietarako atzodanik irekita dagoen eremu hau

Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideek gaur goizean bisitatu dute hirira hegoaldetik sartzeko urbanizazio berria. Zirkulaziorako eta oinezkoen joan-etorrietarako bideak jirekita daude jada. Arkitekto arduradunaren eskutik, zinegotziek eremu horren berrantolamendua aztertu dute; izan ere, Zaragozako etorbidearen bestalderaino helduko da, eta azken urteotan asko aldatu da eremu hori. Obra horiek gauzatzeko beharrezkoa izan da aldi berean esku-hartzea urbanizaturiko lursailetan, azalera urbanizagarrietan eta baita landalurretan ere.

Aranguren Ibarraren kalearen, Guapalupe plazaren, Gariton mendixkaren eta Galarrekiko mugaren arteko eremuan esku-hartu da. Aurten hainbat jarduketa egin dira Iberdrolaren nabeek okupatzen zuten industria-orubea izandakoan: egiturak eraitsi, lurra mugitu eta kale berriak diseinatu dira, ondoren oinezkoendako guneak egiteko, berdeguneak handitzeko eta hiri-altzariak paratzeko, bai eta lau etxadi gorde ere, bertan etxebizitzak zein ekipamenduak eraikitzeko. Guztira sei futbol zelaik hartzen duten azalera baino eremu zabalago batean jardun izan da.

Construcciones Mariezcurrenak gauzatu ditu obrak eta aurrekontuak 2,2 milioi euro jo du. Milagrosa hegoaldea, hirira sartzeko atea, Zaragozako etorbidearen trazadura gidatzat hartzen duen sare itxurako etxadi erregularrez osatutako bilbe bat da orain, eta Iruñeko udal-mugarteko muga hori Galarreko etorkizuneko antolaketarekin lotuko du.

Oinezkoendako gune bat erdialdean

Lotura-bide berriek Zaragozako etorbidearen bukaera lotzen dute Sadarreko inguruarekin (atzealdearekin), bide berri bat ezarriz; izan ere, Aranguren Ibarraren kalea ez da zirkulaziorako eremu izango, eta oinezkoendako bulebar bihurtuko da. Bulebarrak, Guadalupe plazaren ingurunean, herritarrendako topagune izan nahi du; izan ere, obrekin batera haurrendako jolas-parke bat eraiki da eremuan, eta lorategi berri bat, paraleloan Extremadura kalearekin, Labiano kaletik Ana de Velasco kaleko biribilguneraino.

Pasealeku berri horri beste bat gehitu zaio, Guadalupe plazaren aldamenean, zeinak toki hori diagonalki gurutzatzen duen biribilgune berriraino, Garitongo mugatik gertu. Eremu horiek guztiak banku, mutiloi, paperontzi, farola, bizikletak aparkatzeko euskarri eta abarrekin hornitu dira, baita lorategi berri batekin ere. Guadalupe plaza, bestalde, bilbe horren barruan integratuta geratu da, eta berdeguneak zabaldu eta arkitektura-oztopoak kendu dira.

Lotura-bideak, eta etorkizunean, etxebizitzak

Kaleak ibilgailuen zirkulaziorako diseinatuta daude eta Extremadura eta Labiano kaleetan bizikidetza-eremuak egongo dira. Oinezkoendako pasealekuekin batera 300 bat metro bidegorri daude, eta urbanizaturiko gunean lur gaineko 180 aparkaleku izango dira, hala paraleloan nola baterian aparkatzekoak, eta % 3 minusbaliatuentzat erreserbatuta egongo dira.

Galar egin bitartean, Iruñeko Udalak urbanizazio berriko sestrak egokitu ditu Ana de Velasco eta Zolina kaleetan, erabiltzaileei Infanta Elena Zentrora sartzea ahalbidetzeko. Bestalde, jatorrizko proiektuan Garitoneko mugarako aurreikusitako euste-horma ez da egin, bere garaian tufazko lurzorua agertu baitzen, nahiko egonkorra;horrek posible egin du, hain zuzen ere, Ana de Velasco kaleko jarduketa ezponda baten bidez konpontzea, hartara murriztuta azken emaitzaren paisaia-inpaktua.

Berrantolatutako eta etorkizunean eraikuntzara bideratuko den guneak gutxi gorabehera 9.000 m2 ditu, eta lau etxadi egongo dira bertan. Horietako bik, Zolina kalearen ondoan, bizitegi-izaera daukate, eta bertan 255 etxebizitza eraikitzeko tokia dago, barne harturik etxebizitza babestuak eraikitzeko gordetako lursail bat. Eraikinek merkataritza-erabilerako beheko solairu bat eta bost solairu izango dituzte, barneko patio batekin. Beste bi etxadiak trinkoak dira eta erabilera anitzeko ekipamenduetarako bideratuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!