Iruñeko Udaleko Irriziklo Bederatzi euskarazko umore zikloa bide erdira iritsiko da aste honetan, aldaketarekin iritsi ere, aste honetan ostegunean izanen baita, baina ohiko orduan eta tokian: 20:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan. Jose Cruz Gurrutxagak eta Ion Martinez “Txikik” taularatuko dute Irri Par Txou ikuskizuna, zeinetan hasierako elkarrizketa batetik abiatuta, umorez jositako bakarrizketa eginen duten protagonistek, nork berea. Sarrerak –3 euroan– Nafarroako Antzerki Eskolan bertan eros daitezke, leihatilaren ordutegian, eta online, Eskolako webgunean. Gainera, abonamendu partziala eskuratu daiteke, 7 euroan, zikloa amaitu bitarte geratzen diren 3 saioak ikusteko.
Bi lagun eskenatoki gainean. Halaxe hasten da Irri Par Txou. Elkar ezagutzen ez duten bi tiporekin, alegia. Eta...zer gertatuko ote da biak lan bera egiteko kontratatu dituztela ohartzen direnean? Ba gerta daiteke sesiotan amaitzea, baina ez “emanaldi” zentzuarekin, bestelako “sesio” batean baizik. Hori gertatzen bada, ez da gustuko egoera izango, ez batarentzat eta ez bestearentzat ere. Ikusleendako baina, aukera aparta izanen da barrez lehertzeko (edo negar-malkotan hasteko), Irri Par Txouk ez baitu parekorik. Paregabea da zentzu literalean ere, parerik gabekoa: ikuskizunaren hasieran lagun-parea agertzen zaigu hizketan –karakola eta barea–, geroago baina, norabidea aldatu eta protagonisten bakarkako monologoak nagusituko dira.
Ez dute gai bat jorratu gabe utziko, zeinek bere estiloan, umorea bitarteko biak ala biak. Ikastolako eta unibertsitateko garaiak eta pasadizoak, maitasuna eta sexua, familia, norberaren izaera, musika, etab.
Hala Jose Cruz Gurrutxaga nola Ion Martinez “Txiki” eskarmentu handiko aktoreak dira interpretazioaren munduan. Jose Cruz Gurrutxaga azkoitiarrak ibilbide luzea egin du tokiko panorama artistikoan. Antzerkigintzari dagokionez, Euskal Herriko konpainiarik garrantzitsuenekin aritu da: Tanttaka, Vaiven, Txalo, Tartean eta Gorakada. Euskal Telebistako hainbat telesail eta programatan agertu da (Martín, Mi querido Klikowsky, Belbemendi, Jaun ta jabe, Goenkale, A ze parea!), bai eta estatuko zenbait telesailetan ere (Hospital Central, Policías, El comisario etab). Zinemari dagokionez, 80 egunean, Zigortzaileak, Ander, Todos estamos invitados eta Al final de la noche filmetan hartu du parte, eta film labur hauetan: Juego de manos, 4 años, El acordeón, El vestido eta Irreal. Irratian ere egin du lan, bai eta bikoizle gisa ere.
Ion Martinez Esnaola 1980an jaio zen Donostian, eta 2002. urteaz geroztik euskarazko umore-bakarrizketak egiten aritzen da Euskal Herriko hainbat txokotan, oro har taberna, gaztegune eta kultur etxetan. 2010ean Aldatzen Laguntzen antzerki-konpainia sortu zuen eta hiru lan sortu eta idatzi ditu orduz geroztik: Oteitza =/= Gizartea, Ispilua eta Amets Zirkoa Salgai!. Antzerki-konpainia 100etik gora alditan izan da taula gainean.
Irrizikloren hurrengo saioa datorren asteko asteazkenean (martxoak 1) izanen da, eta bi ikuskizun taularatuko dira: Amaia Irazabalen Eltxoak, eta Sarean kateatua, Nomofobikak konpainiaren eskutik.