Kirolari eta gazteriari buruzko webgune berria abian

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 20a, 19:34
NKGIko arduradunak, webgune eta logotipo berrien aurkezpen-ekitaldian.

Euskarazko atariaren helbidea www.kirolaetagazterianafarroa.eus da. Kirola, Gazteria, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa, Gazte Aterpetxeak eta Kirol Instalazioei buruzko informazioa eskainiko du. 

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak (NKGI) abian du gaurtik berritutako logotipoa eta webgune berria, institutuak lantzen dituen arloei buruzko informazio zabala eskaintzen duena.

Gazteleraz zein euskaraz (www.kirolaetagazterianafarroa.eus) eskaintzen da informazioa, eta nabigazio erraz eta dinamikoa lortzeko diseinatuta dago. Edukiak etengabe eguneratuko dira, testu, argazki eta bideoekin, eta gailu mugikorretarako ere egokituko dira.

Besteak beste, webgunean jasota dago kirol-erakundeei zuzendutako gai fiskalei buruzko informazio-gida, joan zen asteazkenean iragarri zen bezala. Multzotan banatuta dago ataria: Kirola, Gazteria, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa (KAIMZ), Gazte Aterpetxeak eta Kirol Instalazioak. Halaber, ekitaldien agenda ere eskaintzen da; hor emango da Institutuaren jarduera eta ekintzen berri.

Kontu berria Facebooken eta Youtubeko kanala

Webgune berritik, NKGIk dituen sare sozialak bultzatuko dira, erabiltzaileekiko institutuaren harremana hobetzeko helburuz. Horregatik, beste berritasun batzuen artean, Facebookek kontu berria eta Youtubeko kanal bat sortu dira. Sare sozial berri horiek aurrez Kirol, Gazteria, KAIMZ eta Gazte Txartelaren arloetan zeudenei gehitzen zaizkie.

Zentzu horretan, nabarmentzekoa da Kirol Sarien banaketaren zuzeneko emankizuna –streaming bidez–, webgune berriaren bitartez. Halaber, galaren bideoa eskainiko da sare sozialen bitartez; bihar, asteartea, egingo da gala hori Baluarten, 19:00etan.

Logotipo berria

Bestalde, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren irudi korporatibo berria ere aurkeztu da. Efektu tridimentsional baterantz bilakatu da logotipoa. Horrela, aldatu egin da aurreko sinboloa, mugimenduan dauden figurak irudikatu nahian. Erakundearen irudi metaforikoa da: gure komunitatean egin daitezkeen kirol guztiek beren tokia duten agora handi bat, eta Nafarroako gazteriak dituen kezka, gustu eta jarduera ugariak.

Aurpegietako batek mugimenduan dagoen figura bat gogorarazten digu, kirola irudikatuz; eta, beste aldean irribarre bat eta begi bat daude marraztuta, gazteriari erreferentzia eginez.

Gaur goizean egin da aurkezpena Printzearen Gotorlekua Egoitzan, eta han izan da Ruben Goñi Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea; Goñik komunikazio arloko berritasun horiei buruzko xehetasunak azaldu ditu. Kirolen zuzendariorde Primitivo Sanchez, Garapen Estrategikoko, Azpiegituretako eta Baliabideen Kudeaketako zuzendariorde Josu Janices, eta Gazteriako zuzendariorde Adela Gonzalez ere egon dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!