UPN eta PP ez dira joanen eskuin muturraren eta estatuko funtzionarioen biktimen omenaldira

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 16a, 13:51
Argazkia: Javier Esparza UPNko kidea parlamentuan egindako agerraldi batean.

> PPko eledun Ana Beltranen irudiko, "iraingarria" da ETAren biktimentzat eskuin muturraren biktimak omentzea. 

> UPNk omentzeko legearen alde bozkatu zuen eta orain sutsuki azaldu da kontra.

“Legeak hala ezartzen duelako” eginen du Nafarroako Gobernuak eskuin muturraren eta estatuko funtzionarioen biktimen aldeko larunbateko ekitaldia, izan ere, hori zehaztu zuen Nafarroako Parlamentuak berak, 2013an.

Nolanahi ere, kontra azaldu dira, bai UPN baita PP ere, eta haien jokaera izan du gogoan Geroa Baiko parlamentari Koldo Martinezek. Legearen kontra joan nahi izatea leporatu die eta UPN “kontraesankor” ari dela salatu du Koldo Martinezek, 2013an omenaldia egitearen alde bozkatu baitzuten erregionalistek, eta, orain, "kexak eta salaketak besterik ez" dituzte. 

Halaber, gogorarazi du ezin dela batzorderik sortu zein biktima omenduko diren zehazteko, helegitea aurkeztu baitzuen PPk auzitegi konstituzionalean. Nolanahi ere "herritarrek badakite zeintzuk diren biktima horiek", Martinezen irudiko.

ETAren biktimei "iraina"

Txanponaren bestaldean, UPN. Eskuin muturraren eta Espainiako Estatuko funtzionarioen biktimak omentzea kritikatu du, "zehazki zeintzuk diren" ez dagoelako argi. Kontu da, legez ezin dela zehaztu, PPren helegitearen ondorioz. Nolanahi ere, "biktima guztiak nahasten" direla eta "Nafarroako gizarteak nor omenduko den ez dakiela" esan du Javier Esparza UPNko kideak."Elkarbizitzaren kontra" egotea leporatu dio Esparzak Nafarroako Gobernuari.

Antzeko mintzatu da PPko kide Ana Beltran. ETAren biktimak "iraintzen" direla uste du Beltranek, eskuin muturreko taldeen eta estatuko funtzionarioen biktimak omenduta. Zehazki zergatik iraintzen diren biktima batzuk besteak omenduta? Bada, Beltranesk esan du ETAren biktimei ez zaiela ekitaldirik egin, nahiz eta "haiek hala nahi izan".

Gakoa da ETAren hainbat biktimek agiri bat sinatu zutela, orain zenbait hilabete, gobernuaren omenaldirik nahi ez zutela esanez. Beltranek esan du, nolanahi ere, eskuin muturreko biktimen omenaldia ez egitea dela popularren "borondatea". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!