UPNk sortutako ereduari “jarraitzea” delako Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua desegiteko exijitu dute LABek eta ELAK

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 8a, 12:42
Argazkia: Mitxel Lakuntza (ELA) eta Igor Arroyo (LAB) gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan.

> "Eduki zehatzei buruzko akordioak negoziatzeko borondatea” azaldu dute sindikatu biek, “lan eta gizarte gaietan akordioetara iristeko”. 
> Hitzarmen bidezko finantzaketa dela-eta Nafarroako Gobernuak ikerketa abiatu behar duelakoan daude.

Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua desegiteko exijitu dute LABek eta ELAK, UPNren gobernuak sortu zuen ereduari “jarraipena ematea” besterik ez delako. Dena dela, “borondatea” azaldu dute sindikatu biek, “lan eta gizarte gaietan akordioetara iristeko”; hori bai, bestelako organoren batean. Azken finean, Elkarrizketa Sozialeko Kontseiluak “ez dauka zerikusirik aldaketa politiko eta sozialarekin, ezta langile nafarrek zinez behar dituzten erabakiekin ere”. Orain lau taldeek sostengatzen duten gobernua "Sanz eta Barcinaren gobernu baztertzaile eta patronalzaleak inposatutako politika eta erretorika" mantendu dituztela diote.

"Desberdintasunari aurre egiteko, aberastasuna banatzeko, enplegua gehitzeko eta hobetzeko eta Nafarroako negoziazio kolektiboa defendatzeko" ez du balio izan Elkarrizketa Sozialeko Kontseiluak, ELAk eta LABek salatu dutenez; kritikatu dute, era berean, “ustezko elkarrizketa” irudikatzen duela, baina, funtsean, “lan erreformaren bidez prekarietatea bultzatzen duen Patronalaren monologoa” baino ez dela. Era horretan, Nafarroako langileen bizi baldintza, egun, 1995ean baino "okerrago" daudela deritzote, hau da, kaxkarrago "elkarrizketa sozialaren holdinga eratu zenean baino".

Ezkutuko finantzaketa

Bestalde, 1998tik 2015era Enplegu Planetara bideratu diren “ehunka milioak”  zertan erabili diren "argitzeko" eta beharrezkoa balitz itzulketa egiteko galdegin diote ELAk eta LABek Nafarroako Gobernuari. Haien ustetan, UGT, CCOO eta Nafarroako Enpresarien Elkartea finantziatzeko egin diren hitzarmenetan ikusitako “ebidentziek” agerian utzi dute “irregulartasunez” jositako prozesua izan zela. Ondorioz, Ikerketa Batzordearen beharra azpimarratu dute bi sindikatuek. 

Amaitzeko, Exekutiboari argi utzi nahi izan diote bai LABek, baita ELAk ere, prest daudela lan eta gizarte eremuan “eduki zehatzei buruzko akordioak negoziatzeko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!