D ereduaren aldeko jaia Sakanan ere izanen da

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 1a, 10:59

Sakanako ikastetxeek hartuko dute parte aurten ere Apirilaren 1ean izanen den festa antolatzen. Sakana Herri Eskolekin Sortzen goiburuarekin, hazi eta hezi euskaraz bizi lema ere erabiliko dute. 

Jaia bigarren urtez hartzen duen lehen herria da Lakuntza. Ikastetxearen eta herriaren arteko harremana indartu eta gerturatzeko helburuarekin kalera aterako gara eskolak dituen bertute eta aberastasun guztiak erakutsiz. 

Datorren apirilaren 1ean ospatuko dugu Sakanako D ereduaren ikastetxeekin elkarlanean egindako festa. Festa honek bere leloa badu: HAZI ETA HEZI, EUSKARAZ BIZI. Ikastetxeari eskainitako abestia oinarri hartuta sortutako leloa hain zuzen ere. Eta honekin batera irudi bat egin nahi izan diogu. Horretarako eskolako haur guztien parte-hartzea izan dugu denek marrazki bana egin zutelarik. Herriko 3 artistek osatutako epaimahaiak erabaki zuen zein izanen zen aukeratutakoa eta gaur, hemen aurkezten dizuegu. LHko lehen mailako ikasle batek egindakoa, 6 urteko ikasle batena hain zuzen.

Antolaketa guzti honetan ezin dugu Lakuntzako Udalaren izena aipatu gabe utzi. Hasiera hasieratik erakutsi digu bere elkarlana eta hemendik eskertu egin nahiko genuke.

Egun osoko jaia izanen da, famili giroko jaia. Goizean zehar ikastetxe guztietako tailerrak izanen ditugu, ondoren bazkaria egonen da eta arratsaldean ikuskizun eta dantzaldiak hartuko dute lekukoa. Baina hau ardatza besterik ez da izanen; ekintza eta sorpresa gehiago izanen dira eta. Horretarako lan talde ezberdinetan banatu gara antolaketa lanetan dihardugun guraso, irakasle eta udaleko ordezkariak. Eguna gerturatu ahala egitarau osoaren berri emanen dugu.

 Beraz, zuen agendatan ongi apuntatu: Sakana Herri Eskolekin Sortzen Jaia, apirilaren 1an Lakuntzan ospatuko dugu aurten.

Testua: Sakanako Sortzen Jaiaren antolatzaileak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!