Osasun-zerbitzuen erabilera eraginkorragoa izateko kanpaina

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 18a, 08:14

"Arazoa beti berdina ez bada… irtenbidea ezta ere" goiburuarekin, eskuragarri dauden baliabideen erabilera egokia egiten lagundu nahi da.

Osasun Departamentuak osasun-zerbitzu publikoen erabilera eraginkorragoa sustatzeko kanpaina bat abiarazi du gaur. "Arazoa beti berdina ez bada… irtenbidea ezta ere" goiburuarekin, eskuragarri dauden baliabideen erabilera egokia sustatu nahi da, herritar guztiek ahalik eta laguntza onena jaso dezaten eta osasun-sistemaren funtzionamendua arinagoa eta eraginkorragoa izan dadin.

Osasun kontseilari Fernando Dominguez Cunchillosek prentsaurrekoan aurkeztu du kanpaina gaur goizean, eta harekin batera izan dira, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko zuzendari Lazaro Elizalde Soto eta Herritarrak eta Pazienteak Artatzeko zerbitzuburu Isabel Ansa Erice.

Kanpainaren helburua beharren arabera dauden zerbitzu-aukerei buruzko informazioa ematea da, eta haien erabilera arduratsua sustatzea, pertsona bakoitzak ahalik eta laguntza onena lor dezan une bakoitzean, kalitate egokiarekin eta ahalik eta bizkorren. Zerbitzu publikoen eraginkortasuna handitzea bilatzen da eta, horrenbestez, profesionalen eta erabiltzaileen asebetetze-maila areagotzea.

Kanpainak herritarrek balia ditzaketen osasun-laguntzako bost maila bereizten ditu, mailaz maila ordenatuta osasun-egoeraren eta larritasunaren arabera. Hala, aurrez aurrekoa ez den laguntza-fase modura, prebentziorako eta autozaintzarako baliabideen lehen maila bat proposatzen du, eta bigarren maila batean, eskuragarri dauden sareko eta telefono bidezko arreta-zerbitzua. Hirugarren mailan, Lehen Mailako Arretako zentroetatik eta kontsultategietatik ematen den aurrez aurreko laguntza dator. Laugarren mailak ospitalez kanpoko larrialdi-zerbitzuak hartzen ditu aintza, eta azkenekoan,ospitaletako larrialdiak sartzen dira.

"Behar zehatz bakoitzerako irtenbide onena"-ren hautaketa sustatu nahi da; horretarako, ondorengo mezua azpimarratu nahi da: ahal den guztietan, Lehen Mailako Arreta sareko baliabideak erabili behar dira, ospitaletako larrialdi-zerbitzuak kasu larrienetarako gorde ahal izateko.

Kanpainaren barnean, 60.000 informazio-liburuxka banatzea aurreikusten da osasun-zentro, kontsultategi eta ospitaletan, bai eta kartelak markesinetan jartzea ere, publizitatea hedabideetan eta mezuak Osasun Departamentuko sare sozialetan (@snsalud_na Twiter-eko kontua eta www.facebook.com/SaludNavarra Facebook-eko kontua), urtean zehar egingo diren beste zenbait sentsibilizazio-ekintzaren artean.

Kalean bertan egingo den lehen jarduera informazio-ekintza bat izango da, eta Iruñerrian ibiltzen diren hiriko 140 autobusetan egingo da; hala, bidaiariek eusteko dituzten barretan txartelak jarriko dira (perching). Ekimen honetarako, Iruñerriko Mankomunitatearen laguntza jaso da.

Bost laguntza-maila

Kanpainaren asmoa honako honi buruzko gogoeta sustatzea da: une eta egoera bakoitzerako osasun-dispositibo onena zein den jakitea. Marrazki-formatuan dauden bi pertsonaia dira protagonistak, eta bi eszenatan agertzen dira: paziente osasuntsu bat eta haren bilakaera gripe-sintoma oso larriak izan arte, eta zabu batean jolasten ari den neskatila bat, pixkanaka istripua izateko arrisku handia duena. Pertsonaia horiek jasaten dituzten aldaketek jaso ditzaketen osasun-laguntzako bost mailak azaltzeko balio dute modu eskematiko batean, lehen pertsonaiak duen gripe-sintomen larritasunaren arabera edo zabuko haurrak duen ezbehar-motaren arabera.

Pertsonaiek itxura osasuntsua duten lehen mailak prebentzio eta autozaintzako mezu bat helarazteko balio du. "Nork bere burua zaintzea osasuna izateko lehen urratsa da" premisapean, www.consejosalud.navarra.es webgunea eskaintzen da erreferentzia moduan, bizitzeko era osasungarriak sustatzeko pentsatuta dagoena eta arriskuak saihesteko. Esteka horretan topa daitezke: autozaintzarako eta prebentziorako informazio erabilgarria bizitzako hainbat etapatarako (haurtzaroa, nerabezaroa, gazteria, heldutasuna eta zahartzaroa); osasuna zaintzeko jarraibideak lan-esparruan edo osasun mentalaren arloan, tabako edo droga-kontsumoa prebenitzeko jarraibideak edo bizitzeko era osasungarriak izateko gomendioak.


Bigarren mailan, gripearen eszenaren protagonista den pertsonaia lehen sintomak erakusten hasten da, eta zabuko neskatilak eroriko arin bat izateko arriskuan dago; egoera horien bidez, ondorengo ideia helarazten da: ez dela beti osasun-arreta jasotzeko osasun-zentro batera joan beharrik, sintoma horien larritasunari buruzko zalantzak nahiz haiek tratatzeko jarraibideak Osasun Kontseiluko telefono-zenbakira deituta argitu eta jaso baitaitezke edo enfconsue@navarra.es helbide elektronikoaren bidez. Zerbitzu horretan erizain espezializatuek ematen dute arreta, eta osasunari buruzko kontsultei erantzuten diete 14:30etik 21:30era, astegunetan, eta 08:00etatik 22:00etara, asteburuetan eta jaiegunetan.

Baliabide hori indartzeko, aipagarria da herritarrek ere www.salud.navarra.es webguneko `Nire gaixotasuna´ izena duen ataleko informazioa jaso dezaketela. Haren barnean, gaixotasun kronikoen eta prozesu akutuen autozaintzari buruzko jarraibide praktikoak sartzen dira (diabetesaren zaintza, gaixotasun kardiobaskularrak, arnas-gutxiegitasuna, alergiak edo asma, edo aldi baterako gaitzak, esaterako: gripeak eta katarroak, eztarriko mina, intsektuen ziztada, gorakoak edo diarreak, besteak beste).

Hirugarren mailan, gripea duen pertsonaiaren egoerak okerrera egiten du eta neskatila altuera handiagotik erortzen da; beraz, aurrez aurreko osasun-arreta behar da jadanik. Puntu horretan, dagokien osasun-zentroa dela aukera egokiena azpimarratzen da, bertan emango baitie laguntza beraien historia medikoaren jarraipen hurbilagoa eta jarraituagoa duten profesionalek. Atal horretan, erizaintzako ekipoek irtenbidea emateko duten gaitasun handia nabarmentzen da osasun-arazoak sortzen direnean: gripea, katarroa edo diarrea, traumatismo txikiagoak edo sendaketak, edo ospitaletik irtetean jarraibideak jasotzeko beharra, bizitzeko eren gaineko zalantzak edo beste zalantza batzuk sortzen direnean. Horri dagokionez, pertsona bakoitzari bere egoeraren larritasuna baloratzeko eskatzen zaio, eta familiako erizainarekin hitzordua eskatzea gomendatzen da koadro konplikatua ez bada.


Laugarren mailan osasun-zentroko ordutegiz kanpoko uneaz hitz egiten da; sintomak areagotu egiten dira, eta pertsonaren iritziz, ezin du osasun-zentroko ohiko ordutegian artatzeko zain egon. Halakoetan, ospitalez kanpoko larrialdi-sarea jotzen da aukera egokiena, Iruñeko kasuan San Martin Doktorea zentroak eta Ermitagaña, Arrotxapea eta Burlatako osasun-zentroek osatzen dutena; Tafalla, Lizarra eta Tuteraren kasuan, berriz, udalerri horietako ospitalez kanpoko larrialdi-zentroek.

Bosgarren eta azken maila ospitaleetako larrialdiek osatzen dute. Kanpainako gripearen pertsonaiak eta zabuan jolasten ari dela erortzen den neskatilak haiek baliatzen dituzte egoera oso larri batean, osasun-baliabide aurreratuak behar dituztela irizten baitute. Puntu horretan, kanpainak ospitaletako larrialdiak benetan behar hori duten pazienteentzat bakarrik gordetzearen garrantzia azpimarratzen du. Pazienteek zerbitzu horiek balia ditzaten iradokitzen da gainerako aukerak baztertzen dituztenean.

NOZ-Oko arreta-ordutegiak

Osasun-sarea osatzen duten zentroetako ordutegiak gogora ekarri behar dira, haien erabilera egokia errazteko. Hala, Lehen Mailako Arretako zentroek zerbitzua 08:00etatik 15:20 arte eskaintzen dute goizeko pazienteen kupoetarako, eta 12:40tik 20:00etara arratsaldeko kupoetarako.

Ospitalez kanpoko larrialdiei dagokienez, Iruñeko San Martin Doktorea zentroak helduentzako zerbitzua eskaintzen du 15:00etatik hurrengo eguneko 08:00ak arte lanegunetan eta ordutegi jarraituan jaiegunetan; eta, pediatriako larrialdietan, 15:00etatik 20:00etara astean zehar, eta 08:00etatik 20:00etara asteburu eta jaiegunetan.

Ermitagaña, Arrotxapea eta Burlatako larrialdi-zerbitzuek, bestalde, helduentzako arreta 15:00etatik 20:00etara eskaintzen dute lanegunetan eta 08:00etatik 20:00etara jaiegunetan. Tafalla, Lizarra eta Tuterako ospitalez kanpoko larrialdi-zentroek helduentzako arreta eskaintzen dute 15:00etatik hurrengo eguneko 08:00ak arte lanaldietan, eta ordutegi jarraituan asteburu eta jaiegunetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!