Korralito forala

Korralito forala: lehen 'navarrismoa' eta euskalduntasuna

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 13a, 11:11

Ivan Gimenezen Corralito foral liburu arrakastatsua irratsaio bihurtu dugu Euskalerria Irratian, Nafarroako eliteen azken 80 urteak aztertzeko asmoz. Aste honetan, navarrismoaren hastapenez hitz egin digu.

Honatx Ivan Gimenezek saio honetan ibili duen gidoia:

Aurreneko navarrismoa. Nafarroa euskalduna ere izan liteke, gorria sekula ez baina.

«Jeltzaleak batu al daitezke familia suntsitu nahi duten, jabetza lapurtu nahi duten, Elizari gorrotoa dioten eta Jaungoikoa iraintzen duten aberririk gabeko komunista horiekin?» (Garcilaso Diario de Navarran, 1920-I-22)

1. Egungo ikuspuntutik, inork ez luke 1910eko edo 1920ko Nafarroa ezagutuko. Garcilaso, euskaltzaleen arerio sutsua izango zena, Iruñeko batzokiaren irekieran egon zen, eroso, lagunen artean; garaiko oligarkiak Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza babesten zituen; Diputazioak euskal aurrezki kutxa bultzatu nahi zuen; 1931n EAJ eta eskuineko indar espainolistak zerrenda berean lehiatu ziren II. Errepublikako lehen hauteskundeetan...

2. Gezurra badirudi ere (fikzio-iragana, nolabait), abertzalea izatea «vatikanista», burgesa eta langileen aurkakoa izatearen sinonimoa zen. Víctor Praderak eta beste nazionalista espainiar batzuek euskotar ikusten zuten beren burua, eta Arturo Kanpion gisako abertzaleak tradizionalista hutsak ziren, goitik behera. Euskal Herria –Nafarroa barne– Espainiako erreserba espirituala zen, eta gure burujabetzaren alde agertzea betiko ordenari eusteko tresna baino ez zen, azken finean.

3. Eta noiz banandu gintuzten nafarrak (gu) eta baskoak (haiek)? XX. mende hasierara arte, Iruñea zen euskal hiririk handiena, eta Nafarroak Bizkaiak baino biztanle gehiago zituen. Ezkerraldearen industrializazioari esker, Bizkaiko burgesia erabat indartu zen, eta langile kopurua ugaritu egin zen Bilboko inguruan. «Denok euskaldunak gara –idatzi zuen Víctor Praderak (1919)–, baina herrialdeen batasunak beldurtzen nau, hegemonia Bizkaiak izanen lukeelako».

4. Horrela sortu zen navarrismoa, beti kontran dagoen eta ezer eskaintzen ez duen ideologia, Nafarroako betiko eliteen pribilegioak bermatzeko oinarri sasi-politikoa ez besterik. Garcilaso batzokian egotetik ultra espainiarra izatera igaro zen, bost bat urtean: «Por Dios, por España, por Navarra» zuen izenburua 1920an idatzi zuen artikulu batek. Nafarroa bakarti eta isolatu hartan, guztiak kontrolpean jarraituko luke. Alta, hori ez zen hain seguru Euskal Herri bateratuan.

5. Orduan, zer izan zen lehenago, oiloa ala arrautza? Nafarroako eskuina berez «antieuskalduna» al da? Bere geneetan darama, bere mamian dauka? Ala bere «antieuskaltzaletasuna» eratua da, politikoki kontziente, sormen-datarekin, garapen jakin batekin eta helburu zehatz eta neurgarriekin? Beste hitzetan: UPNk bultzada

irrazional batek ukituta jazartzen du euskara? Ala euskara aldaketa politikoaren aldeko Troiako zaldi bihurtu dela uste duelako?

6. Orain dela 100 urte, euskotar izatea eskuindar izatearen sinonimoa bazen, orduko ezkerrak –keinu simetriko batez– jakobino agertzen ziren, hori iraultzailea baitzen... Aldiz, 60ko hamarkadatik aurrera, euskotar izatea gero eta ezkertiarrago bihurtu zen Nafarroan, eta, antzeko keinu simetriko baten bidez, hemengo eskuinak «antieuskalduna» izatea deliberatu zuen: «Aldaketa non, gu antipodetan; aurka betiere».

7. «Historikoki, Nafarroaren autonomia hemengo oligarkiaren eta Madrilgo alderdien arteko itunean oinarritu da. Trantsizioan oso garbi ikusi zen, eta Del Burgok horren arabera jokatu zuen, maisuki. Eta geroago ere. Nafarroan, politika zera da: hemengo alderdi bat Estatu osoaren babesarekin» (Goio Monreal). Eta kitto. Hortxe da navarrismoa. Enperadorea biluzik dago eta guk, oraindik, ikusi gabe.

8. Eladio Esparza kazetaria Del Burgoren aitzindari eta maisua zen: «Foruak politikaren gainetik daude». Gerra Zibilean, erreketeek Tolosako ikastolako liburuak erre zituztenean, Diario de Navarraren kronika batean «Su garbitzailea» izenburua erabili zuen, eta Gernikako bonbardaketa ezagutu bazuen ere, triskantza «separatistei» leporatu zien. Esparza jeltzale ohia zen eta bere semeetako batek (Nafarroan Fragaren delegatua zenak) Lesakako Olentzeroa berreskuratu zuen. Euskaldun zintzoak!

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!