Gobernuak 23 lan deialdi egin ditu euskara baloratu gabe

Euskalerria Irratia 2016ko abe. 9a, 08:57

Administrazioan Euskaraz taldeak kritikatu du lan deialdi horiek ez direla legea betetzen ari:"legeak dio eremu euskalduneko lanpostuetan euskara jakitea baloratu behar dela eta eremu mistoan balora daitekeela". 

"Euskararik gabe, Nafarroa ulertzerik ez" zioen Nafarroako Gobernuak Euskararen Egunerako egindako kanpainak. Beraz, nola uler daiteke Gobernuak 23 lan deialdi egin izana euskara baloratu gabe, eta, gainera, legea urratuta? Halako hausnarketa eta kritika egin du Administrazioan Euskaraz Taldeak. Izan ere, legeak dio eremu euskalduneko lanpostuetan euskara jakitea baloratu behar dela (euskara nahitaezkoa ez den kasuetan), eta eremu mistoan balora daitekeela. "Nafarroako Gobernuak, lehengoak eta oraingoak, kontratazio zerrendak egiten ditu euskara baloratu gabe, eta gero zerrenda horiek berak erabiltzen ditu Nafarroa osorako, eremu euskalduna barne", adierazi du taldeak.

"Gobernuak legea urratzeari utzi behar dio, eta eremu euskaldunean euskara jakitea balioetsi behar du", dio. Eremu mistoan ere euskara jakitea kontuan hartu beharko lukeela uste dute, Legeak ematen duen aukera baliatuta eginda. "Guztiz presazkoa da eremu euskaldunean jendearekin harremana duten postuetan euskara nahitaezkoa izatea: Medikuak, erizainak, liburuzainak, enplegu zerbitzuko langileak... Horretarako, plantilla organikoan aldaketak egin behar dira", eskatu du Administrazioan Euskaraz Taldeak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!