Iruñeko Alde Zaharrean euskarazko haur eskola exijitzeko giza katea eginen dute

Euskalerria Irratia 2016ko abe. 7a, 12:56
Argazkia: giza katea eginen dute Alde Zaharrean euskarazko haur eskola lortzearen aldekoek. / @SaioaAlkaiza

Abenduaren 13an izanen da, asteartearekin, Alde Zaharreko Haur Eskolatik aterata. Hainbatr gurasok, Iruñeko Euskalgintzak, LABek, ELAk, Steilasek eta Sasoiak deitu dute.

Hilaren 13an Iruñeko Alde Zaharrean euskarazko haur eskola eraiki dezaten aldarrikatzeko eskutik oratzeko deia zabaldu dute Alde Zaharreko hainbat auzotar eta gurasok, Iruñeko Euskalgintzak, LAB , ELA, Steilak sindikatuek eta Sasoia taldeak. Mobilizazioara deitu dute; giza katea egitera. Asteartean izanen da, hilaren 13an, 17:00etan, Alde Zaharreko haur eskolatik abiatuta. Mezua, argia eta aspaldikoa: euskarazko hezkuntza bermatuta egon dadin, txikienentzat ere.

2011n hasi ziren jada hainbat herritar antolatzen, baita sinadurak biltzen ere, 0 eta 3 urte arteko zentroetan euskaraz ikasteko eskubidea bermatuta egon dadin. Haatik, instituzioek oraindik ez diote erantzunik eman aldarriari: Nafarroako Gobernuak bost haur eskola dauzka Iruñean, den-denak gaztelera hutsean.

San Frantzisko, D ereduan %80

Kontuan izanda lehen eta bigarren hezkuntza barnebiltzen dituen Alde Zaharreko San Frantzisko eskolan izena ematen duten %80 euskararen alde egiten dutela, Alde Zaharreko auzokidek ezbairik gabe defendatu dute 0-3 tartean ere eskaria "handia" izanen litzatekeela.

Akordio programatikoari jarraiki

Horregatik, lauko gobernuari dei egin diote, akordio programatikoan jasotakoa bete dezan. Testuan, hizkuntza eskaerari men eginen ziotela adostu zuten exekutiboko kideek; giza katearen deitzaileen irudiko, nolanahi ere, lauko gobernua ez doa bide horretan.

Gaitzetsi egin dituzte azaroaren 22an Gizarte politiketako presidenteorde Miguel Laparrak esandakoak: "Laparraren agerraldia eta azalpenak etsigarria dira: orain arte ez du urrats txikiena ere eman, martxotik eskaera ofizialki mahai gainean jarria badugu ere. Akordioak dioena betetzeko urratsik ez, eskubideak bermatzeko urratsik ez. Momentuz, gaia aztertzea da mahai gainean jarri duen bakarra. ikasturte var galdu du, bigarrena galtze bidean jarri du. Zer da aztertu beharrekoa? Eskubideen urraketa konpontzeko ekintzak behar ditugu, eta ez hitz "polit" gehiago".

hitzak baino, ekintzak

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko exijitu diote exekutiboari, hainbat bilera mantendu dituztela ziurtatu ostean. Gaia "geldirik" dago, ordea; eta, gauzak horrela, aurrerapausoak galdegin dituzte.

"Gure haurrek Nafarroako hizkuntza propioan hezteko dugun eskubidea urratzen jarraitzen dute, gehiago jakitea oztopatzen jarraitzen dute. Non dago aldaketa? Zerk desberdintzen du gobernua UPNren gobernutik?".

Atxikimendu bila

Atxikimendu kanpaina hasi dute, halaber: emanbidea.blogspot.com.es eta Auzoenean, Karrikirin, Iruñezar euskaltegian eta Campion euskaltegian egin daiteke.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!