Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren alde egin dute alderdi guztiek

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 28a, 13:46
Argazkia: Parlamentuko mahaia, debatea egin bitartean. / parlamentonavarra.es

Espainiako Gobernuari eskatu diote, "premiaz" berritu dezan Hitzarmen ekonomikoa, 2015-2019 tarterako.

Batasuna egon da Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren defentsan, Nafarroako egoerari buruzko eztabaidan. Legebiltzarra osatzen duten zazpi taldeek aurkeztu dute proposamena, Espainiako Gobernuari eskatzeko, "premiaz" berritu dezan Hitzarmen ekonomikoa, 2015-2019 tarterako, beti ere "Nafarroak daukan finantza  autogobernuari leial izanda".

Alderdi guztiek adierazi dute ezberdintasun nabarmenak dauzkatela haien artean hitzarmena defendatzeko zein definitzeko garaian, baina batasuna laudatu dute, nolanahi ere.

"Berariazko sinboloen alde"

Gainontzeko proposamenen artean. "Nafarroako berariazko sinboloekin konprometitzeko" ardura adierazten duena. UPNk aurkeztu eta PSNk eta PPk babestu dute. Abstentziora jo dute Geroa Baik eta Ezkerrak eta kontra egin dute, berriz EH Bilduk eta Ahal Duguk. Gauzak horrela, aurrera egin du, "Konstituzioan oinarritutako eskubide historikoak" babesten dituen proposamenak.

Bestalde, aurrera atera da ere erregionalistek aurkeztutako beste proposamen bat, eskoletan "legalitateari errespetua, askatasuna eta tolerantzia" bultzatzekoa, hain justu. PSNk eta PPK sostengatu dute.

UPNren proposamenekin amaitzeko, aipatzekoa ere aurrera egin ez duen bat: Hezkuntza itun "zabala" egiteko proposamena egin die Adanerok gainontzeko taldeei.

"Hizkuntza bat inposatu nahi dute, eta beste hizkuntz bat bota, eta horrek ezin du izan", esan du, euskararen inposizioaren mamua haizatuz . Haatik, UPNren proposamenari izkin egin diote PPNk ez beste guztiek, LOMCE legea aitatuta.

Osoko Elkarbizitza Planaren alde

Horren ostean, PSNren txanda iritsi da, eta Maria Txibitek hartu du hitza. Osoko Elkarbitza Plana proposatu dute sozialistek, baita arrakasta lortu eta aurrera egin ere. Talde guztiek babestu dute. "Hezkuntzan eta  gizarte eragiletzan" oinarritutako plana galdegin dute, beraz, "demokraziaren baloreak, eskubideak eta askatasuna sustatzeko".

PSNk aurkeztutako beste bi proposamenek ere gainontzekoen oniritzia jaso dute. Bat: eredu produktiboan aurrerapen teknologiakoak sartzea defendatzen duena; eta, bi: behin behineko langile guztiek Europako Batasunaren araudiaren arabera indemnizatzeko eskatzen duena.

Koldo Martinezek, Geroa Baik PSNren proposamenak babestu baditu ere, akordio programatikoa kopiatzen leporatu die PSNri: "Proposatzen duzuen guzti guztia akordio programatikoan dago jada".

PPNren proposamenak, kale itsuan

Azkenik, PPNren txanda iritsi da. Lau proposamen mahai gainean jarri, eta laurak atzera bota dizkiote gainontzeko alderdiek. Hezkuntzari, Nafarroako sinboloei ETAri eta garapen ekonomikoari lotuak. ETAren inguruan mintzatu da denbora gehian Javier Garcia PPko parlamentaria, ETAk "gizarte osoari" kalte egin diola esanez. Halaber, ETAren gaia legebiltzarreko "saio guztietan" aipatuko duela ziurtatu du, haren hitzetan, "biktimekiko errespetuz".

Erantzun egin diote gainontzekoek: ETAren kontura nahas mahasa egitea egotzi diote lauko gobernuko talde guztiek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!