LOMCE legearen eta murrizketen aurka kalera atera dira ELA eta Steilas

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 26a, 14:14
Argazkia: ELA eta Steilas sindikatuek Hezkuntza Departamentuaren aurrean gaur goizean egindako protesta. / @SaioaAlkaiza

> Martxan daude protestak arratsalderako ere: 18:00etan mobilizaziora deitu dute Herrikoak, ELAk eta Steilasek.
> Sortzenek, LABek eta Ikasle Abertzaleak-ek ez dituzte mobilizazioak babestu, Espainiako estatuaren egutegia segitzen dutela sinetsita.

Lanuztea egin dute goizeko 09:00etatik 10:00 arte Steilasek eta ELAk; tarte horretan, elkarretaratzea  egon da Hezkuntza Departamentuaren aurrean. Oihuak, askotarikoak: LMONCErik ez! eta Murrizketarik ez!, esaterako, baita Nafarroako Gobernuari zuzenean luzatutakoak ere: Mendoza, LOMCE gelditu! aldarrikatu dute aho batez.

Amaia Zubieta Steilaseko kidearen hitzetan, "interpelatu" egin nahi dituzte Hezkuntza arloko indarrak, LOMCE eta horrek ezarritako errabalidak geldi ditzaten, eta "Euskal Herriko kalitatezko hezkuntza" propioa eraiki egin behar dela gogoraratu du, halaber.

Ildo beretik, Zuzenean Nafarroako Gobernuari dei egin diote sindikatuek. ELAko Oihana Goioganak adierazi du Nafarroako Exekutiboaren eskuetan dagoela "aurrerapausoak" ematea, hezkuntza gaietan.

Hezkuntza komunitatea, zatitua

Espainiako estatuan, Ikasle Sindikatuak greba antolatu, eta bat egin dute CCOOk eta UGTk. Hego Euskal Herrian, zabalagoa izan da deialdia, horiez gain, Steilasek, Elak eta Herrikoak babestu dituztelako mobilizazioak. Haatik, ez dute grebarik prestatu, Espainian egin duten gisan.

Hezkuntza komunitateko zenbait eragilek ixkin egin diete protestei: LABek, Sortzenek eta Ikasle Abertzaleak-ek, hain justu.

Ikastolen Elkarteak esan du "Espainiako estatuaren hezkuntza logikan" sartzen direla deialdiak, eta Ikasle Abertzaleak, aldiz, Ikasle Sindikatuari begira egin du kritika: “Estatu burges eta nazio zapaltzaile den estatu "españolari" men egiten dion sindikatu bat ez da inoiz gure bidelagun izango, ez baitu klase zapalduon ezta nazio zapalduon aldeko apustua eginen inoiz".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!