Sexu jazarpenaren aurkako protokoloa prestatu du NUPek

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 24a, 14:24

> Jazarpen psikologikoa eta sexua oinarrituriko jazarpena ere izanen ditu kontuan prebentzio eta esku hartze neurriak barnebiltzen dituen dokumentuak.> Unibertsitate komunitateari, erakundeak kontratatutako enpresei eta praktikako ikasleak hartzen dituztenei aplikatuko diete protokoloa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Gobernu Kontseiluak jazarpen psikologiko, sexu-jazarpen eta sexuan oinarritutako jazarpenaren kasuen prebentziorako, atzemateko eta jokatzeko protokoloa onetsi du. Protokoloak prebentziozko neurriak ezartzen ditu, eta halako kasurik gertatuz gero nola jokatu behar den arautzen du. Dokumentua unibertsitate komunitate guztiari aplikatuko zaio. Halaber, erakundeak kontratatzen dituen enpresek eta praktikako ikasleak hartzen dituztenek ezagutu eta zaindu beharko dute.

Protokolo honekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoak tresna bat dauka "jazarpen psikologikoa, sexu jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena dela-eta lan harremanetan eta ikasleen arteko harremanetan egon daitezkeen arazoak arautzeko, behar diren bermeekin eta aintzat hartuta europar erkidegoko, konstituzioko, autonomia erkidegoetako eta lan esparruko arauak eta pertsona guztiek oro har indarkeriarik eta bereziki emakumeen aurkako indarkeriarik ez duten lan eta ikasketa giroak edukitzeko eskubidea daukatela", printzipio aldarrikapenak esaten duen moduan.

NUPek onetsi berri duen protokoloak jazarpen mota hauek "berdintasun eskubidearen, integritate fisiko eta psikikoaren eta pertsonen duintasunaren atentatutzat" kalifikatzen ditu, eta aurreikusten du "pairatzen duenari laguntza emango zaiola, egoera errepika dadin galaraziko da eta zehatu egingo da, gertaeraren zirkunstantziak eta baldintzak kontuan hartuta".

Alabaina, protokoloak prebentzioa azpimarratzen du, eta horregatik neurriak proposatzen ditu bi alorretan: sentsibilizazioa, informazioa eta prestakuntzarenean, eta kudeaketa-ereduenean. Lehen kasuan, dokumentuak biltzen ditu, beste jarduera batzuen artean, erdi-mailako kargudunen eta zuzendaritza-taldekoen (akademikoak eta zerbitzuetakoak) prestakuntza, eta ikastaroak antolatzea desberdintasunik gabeko Unibertsitate bat eraikitzeko helburuarekin, jokaera oneko kode bat prestatzea, gai honi buruzkoetan barne-komunikazioa bultzatzea eta sentsibilizatzeko eta aurrea hartzeko neurriak sustatzea. Kudeaketari dagokionez, Unibertsitateak lanpostuetan egon litezkeen arriskuak ebaluatzeko, protokoloa hobetzeko eta proposamenak eta oharrak biltzeko postontzi bat prestatzeko eta auzi honi buruzko urteko txostena egiteko konpromisoa hartzen du, besteak beste.

Harrera, ikerketa eta proposamena

Protokoloak jarduteko prozedura ere arautzen du, zeina bi alditan egituratzen baita. Lehen aldia harrera egitekoa da, eta horretan, Unibertsitatearen zerbitzu batzuek (Lan Osasuna, Ingurumenaren Kudeaketa, Arreta Psikologikoa, Osasun Arreta, Gizarte Ekintza, Berdintasuna eta Unibertsitate Komunitatearen Arartekoa), biktima artatu egingo dute, hala badagokio, bere eskubideei buruzko informazioa emango diote eta zer egoeratan dagoen balioetsiko dute, protokolo honek sortu duen Aholkularitza Konfidentzialean kexa edo salaketa jarri behar den edo ez ikusteko. Hau protokoloa aplikatzeko ardura duen organoa da, jasotzen dituen kexak eta salaketak tramitatzen dituelako. NUPeko zerbitzuetako profesional batzuek osatzen dute.

Kexaren edo salaketaren aurkezpen formalak hasiera ematen dio prozedura bati. Prozeduraren barruan ikerketa bat eta balioespen-txosten bat egingo dira, eta hortik aurrera hau gerta daiteke: espedientea artxibatzea; araudian jasota dagoen beste falta bat (jazarpena ez dena) gertatu dela baieztatzea, zeinak zehapen-espedientea irekitzea ekarriko baitu; eta jazarpena egon delako aztarnak garbiak badira, batzordeak zehapen-espedientea irekitzea falta larria gertatzeagatik, eta dagozkion neurri zuzentzaileak edo zehapen-neurriak jartzea.

Jazarpen psikologiko, sexu-jazarpen eta sexuan oinarritutako jazarpenaren kasuen prebentziorako, atzemateko eta jokatzeko protokoloa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdean kontsultatzen ahal da (Berdintasun Unitatea).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!