Korralito forala

Korralito forala: foru trantsizio sakratua

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 24a, 13:42

Ivan Gimenezen 'Corralito foral' liburu arrakastatsua irratsaio bihurtu dugu Euskalerria Irratian, Nafarroako eliteen azken 80 urteak aztertzeko asmoz.

 

Korralito foral radiofonikoaren lehen atalean, inplosio betean dabilen alderdi sozialista aztertu genuen. Bigarrenean, foru trantsizio sakratua hartu dugu hizpidetzat. Honatx Ivan Gimenezek saioan ibili duen gidoia:

Foru Transakzio sakratua. Heriotzaren etekinak betirako bermatu

“Transizioak faszismo espainiarraren ospe ona blindatu zuen.

Iragana ezabatu egin den lekuan ez daude deliturik ez errudunik”

(Francisco Espinosa Maestre)

1. Valcarderako 52 fusilatuen gorpuak 1980an euren senideek Madrileko Valle de los Caídos-etik Nafarroara ekartzea lortu zuten 1980an, baina omenaldi sasi-klandestinoa egin ondoren, gorpuak desagertu egin ziren. Inork ez daki non dauden. Garraiotu zituzten kamioien arrastoa galdu zen, baina senide batzuk diote Iruñeko hilerriaren atean norbaitek jaso zituela... Baina nork? Irudia beldurgarria da: kamioi batzuk Nafarroako errepideen barna, gorpuz beteta, noraezean. Garai hartan, hiltzaileak bizirik zirauten: Transizioaren iluntasunaren metaforarik borobilena.

2. Beldurra, beraz, bizirik zegoen 70 hamarkadaren bukaeran. “Gizarte egitura zegoen moduan zirauen”, salatzen du Emilio Silva idazleak. Transizioak ez zuen kolokan jarri 1936an egindako lapurreta ekonomikoa, borreroen ondorengoek handitu eta gozatu dutena. “Frankismoa krimen perfektua bihurtu zuten: hirien auzorik onenetan bizi dira heriotzaren etekinak gozatzen dituztenak”. Ignazio Aiestaranen hitzetan, Transizioaren kontsentsua: “Despolitizazioa gertatu da, eta elementu sakratuak irentsi ditugu: OTAN, monarkia, bipartidismoa eta bere prentsa...”.

3. Miguel Sanzek bere piperra gehitu zuen: “Francok gerra bukatu zela irragarri zuen egunean, batzuk ez omen zuten albistegia entzun. Memoria Historikoaren Legeak mendekua berpiztu nahi du familien baitan”. Zertarako iraganean miatu? Aitonaren armairuan hildako bat aurkitzeko arriskurik? “Nik egia esan beharko nuke -behin aitortu zuen Garcilasok, Diario de Navarraren zuzendari ohia-. Horrek egin zuen hori, eta orain kargu batean dago... Ez du merezi”. Bartolomé Claverok oso deserosoa den galdera egin zion bere buruari: “Aita, gerran zer egin zenuen?”

4. Nafarroako Transizioak protagonista bat izan zuen: berriro Del Burgo jauna. FASA aferan inplikatuta egoteagatik, Diputaziotik kanporatu dute, baina Estatuarekin negoziatu behar zen Autonomia Estatutua bere itzalpean garatu zen. Marx anaien pelikuletan bezala, 1981an ministroarekin Madrilen bildu behar ziren ordezkari nafarrak itxarongela sartu ziren eta, hara! Hor zegoen Del Burgo, negoziazioa ormaren beste aldean jarraitzeko prest, Arias Salgado ministroari agindu zehatzak eman ondoren. Inor ez zen harritu, hala ere...

5. “Nafarroan, politika da hemengo alderdi bat Estatuaren laguntza osoarekin”, Goio Monrealaren hitzetan. Hori egia da, baina Del Burgo zen Foruak eta Konstitituzioa lotzea jakin zuen bakarra, azkar jokatzen, besteek 1841ko Legea indargabetzeko aldarrikapen antzua egiten zuten bitartean. Nafarroako eskuinak behar zuen laber demokratikoa ezin zuen XX. mendeko bilatu, faszismotik banaezina zelako. Orduan, foruen mozorroa hautatu zuten, XIX. mendeko benetako oinordekoak balira bezala. 1841ko Legetik Foru Hobekuntzara, 140 urteko jauzia, arriskurik gabe.

6. Jakina, Del Burgo ez zen arduradun bakarra. Nafarroako Parlamentuak euskararen ofizialtasuna onartu zuen 1980an, baina betiko oligarkiak ez zuen gehiengo demokratikoa ontzat hartu. Parlamentuaren abokatu berri batek, José Antonio Asiáinek, txosten juridikoa aurkeztu zuen euskararen ofizialtasun osoa Foru Hobekuntzan ez sartzeko aginduarekin. Handik gutxira, Asiain hura PSN-ren zuzendaritzan sartuko zen eta Urralbururen presidenteordea izatera iritsi ere. Merituak eginak zeuzkan.

7. Foru Erregimenaren oinarriak Del Burgok diseinatu bazituen ere, UPNek oso gozi bereganatu zuen inbentoa. Nolabaiteko lasterketa nabarrista baten abiapuntuan, UPN lehen posizioa hartu zuen, eta bere atzetik hasi zen lasterka PSN, oso urrun iristeko ilusioarekin. Mikelarena historialariaren ustez, “Del Burgok besteen jarrerak baldintzatu zituela egia da, baina fokua berarengan jarrita dago neurririk gabeko moduan; UPN eta PSN izan dira egoera hartatik etekin handiagoak atera zituztenak. Euren jarrera kalkulatu zuten Gobernua bereganatzeko, eta lortu zuten”.

8. Azken finean, mito forala erakargarria zen oso politizatua eta banatua zegoen gizartea kohesionatzeko. Estatua eta Nafarroa, aurrez aurre, 1512an bezala. Hau da iruditeri kolektiboan iltzatuta geratu dena, baina egia oso bestelakoa da: “Zu, Estatua, negoziatzen duzunarena egin ezazu, eta nik, Nafarroa, erabakitzen dugunaren fikzioari eusten diot”. Gregorio Morán kazetariak Transizioa salatu zuen: “Nire belaunaldiak frankismoaren gezurraren aurka borrokatu zuen, baina beste gezur guztiak sinisten bukatu genuen”.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!