Bertsoa eta jazza nahasten dituen espektakulua eskainiko du bihar Bertsoaroak

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 24a, 08:55

Momentuari helduz ikuskizuna 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea da.

Bertsoaroak bertsolaritza- eta jazz-ikuskizun bat estreinatuko du asteartean Iruñean. Emanaldian bat-batean botatako hitzak eta musika uztartuko dira, bertso-jazzetik harago doan batasuna sortuz, eta momentua harrapatzeko adierazpen formula berri bat taularatuko da. Momentuari helduz du izenburu urriaren 25erako, asteartearekin, Kondestable Civivoxeko patioan programatu den emanaldi bereziak. Sarrera librea da.

Gareserako bi emanalditarako bertsolari eta musikariak elkartzetik sortu zen proiektua. Emanaldiaren arrakasta ikusita, bertso-jazz formulatik harago doan proiektu hau sortu zen, hitza eta musika elkarrekin inprobisatzea lantzen duen ikuskizuna. Taula gainean honako hauek biltzen ditu: Oskar Estanga eta Alazne Untxalo (bertsolariak), Satxa Soriazu (teklatua), Aritz Luzuriaga (baxua) eta Alberto Arteta (saxoa). Hitz-inprobisatzaileak musikari ere badira, musikariak ere inprobisatzaile, eta bertso doinuak garatzen dituzte bestelako abesti ezagunekin jolastu eta unean-unean sortutako musika eta hitzei leku egiten diete. Izan ere, emanaldi honetan momentuan gertatzen denari helduko zaio.

Astearteko emanaldia Iruñeko Udalak Bertsoaroaren edizio honetarako antolatu dituen euskarazko kultur programazioaren zortzi hitzorduetako bat da. Urriaren 20an abiatu zen, ostegunarekin, bertso-saio batekin, eta azaroaren 10era arte, ostegunarekin, bi bertso-saio, performance bat, euskarazko hitzaldi bat eta haurrendako bi jarduera eskainiko ditu, aipatutako bertso-jazz ikuskizun berriaz gain. Guztira zortzi hitzordu dira, eta Gurutzeko plazako Institutuan eta Kondestable Civivoxean izango dira, bai eta Sanduzelaiko Civivoxean ere, non haurrendako programazioa egingo den.

Emanaldiak doan dira, haurrei zuzendutakoak izan ezik, horietarako sarreren prezioa 3 eurokoa baita. Gurutzeko plazako Institutuko areto nagusian egingo diren ekitaldietarako gonbidapenak aldez aurretik hartu behar dira, aretoan bertan, ordu bete lehenagotik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!