Enplegua, osasuna, hezkuntza eta eskubide sozialak lehentasun, aurrekontu proiektuan

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 19a, 14:05

> Nafarroak guztira 3.693 milioi euroko aurrekontuak izanen ditu.
> Gastu sozialera %56,7 gehiago bideratuko du Gobernuak. 

 

Aurrekontu proiektuaren proposamena aurkeztu du gaur exekutiboak. Nafarroak guztira 3.693 milioi euroko aurrekontuak izanen ditu. "Enplegua sortzea, Osasun arloa, Hezkuntza eta eskubide sozialak ziurtatzeko izanen dira aurre-proiektuaren ardatz nagusiak", nabarmendu du Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak. 

Azken horretatik hasiko gara. Euskararekin konpromisoa duela esan dute. Euskarabidera 1,3 milioi euro bideratuko dizkio. Euskararen sentsibilizazioa eta sustatze kanpaineratako izanen dira 400.000 euro, euskara garatzeko herriguneetan 500.000 euro, komunikabideetan euskararen presentzia areagotzeko 480.000 euro eta helduen euskalduntzerako 600.000 euro.

Memoria Historikoaren legea garatzen segitzeko 260.000 euro bideratuko dituzte.

Hezkuntzan, lehentasunak markatu dituzte: azpiegiturak berritu eta egokitzea eta bigarren hezkuntzan lan eskaintza publikoa egitea. Nafarroako Unibertsitate Publikoari aurrekontua %4,2 igotzea ere aurreikusi dute, eta hala, 54,6 milioi eurotakoa liztateke.

Osasun arloan, mila milioi euro. %9,6 igoko da Osasun Publiko eta Lavoraleko aurrekontua, Lehen Mailako %5,2 igoko da. Beste lehentasunen artean, itxaron zerrendak murriztea, horretarako 2,9 milioi euro baliatuko dituzte. Ikerketa sanitariorako 1,5 milioi euro.

Aranburu kontseilariak nabarmendu du ildo estrategikoen artean eskubide sozialak ziurtatzea dela. Horretarako, %12,5 haziko da departamentu horretara bideratuko den zenbatekoa. Bermatutako errentarako %54 haziko da partida. Enplegua sustatzeko %14,4 haziko da, Nafarroarako enplegu plana martxan jartzeko besteak beste.

Gauzak horrela, eta partidak desglosatuak, 3.693 milioi eurokoa izanen da aurrekontu ez finantziarioa. Parte handi bat, dakizuenez, mila eta berrehun milioi, administrazioko langileentzako izaten da, pertsonal gastuetarako alegia. Beste 330 milioi, gastu finantziarioak ordaintzeko izanen dira, 2016an baino 187 milioi gutxiago.

Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak datuak eman ostean esan duena, aurrekontu proiektu honek erakusten duela aldaketa finkatua dagoela, kontsolidatua.

Aurre-proiektua da aurkeztu duten hau, orain, Kontseilu ekonomiko eta sozialera igorriko dute, bertan azter dezaten. Gero, Nafarroako parlamentura iritsiko da, osoko bilkuran eztabaidatu eta onartu dezaten. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!