Suhiltzaile gehiago eta larrialdi zerbitzu bateratua eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 19a, 12:56

Babes Zibileko Zuzendariaren eta Barne Saileko Zuzendari Nagusiaren kargugabetzea eskatu dute LAB sindikatuko suhiltzaileek eta SOS Nafarroa zerbitzuko langileek.

Legealdi honetan "beharrezkoa den" suhiltzaile kopurua eta herrialde osoko larrialdiak kudeatuko dituen egitura sor dezan eskatu diote Nafarroako Gobernuari. 388 suhiltzaile egon beharko lirateke, egun, baina 320 baino ez daude. Sindikatuaren arabera, "neurririk hartzen ez bada", bost urtean, 244 jaitsi daiteke kopurua. Hala, parkeetan gutxienekoak betetzen ez direla adierazi dute.

Gainera, Orain dela urtebete Nafarroako Larrialdia Agentzia desagertu izana salatu dute suhiltzaileek, egitura falta eta langile eskasia. UPNk utzitako "herentzia" dela jakin badakiten arren, ardura eskatu diote exekutiboari.

Lander Aurrekoetxea LABeko ordezkariak adierazi du langileen konpromisoa "argia" izan dela, "kalitatezko zerbitzu publiko eta oso baten alde", eta, bitartean, gobernuaren partetik "utzikeria eta inposaketa" jaso dituztela

SOS Nafarroa ere kexu

Hari beretik egin dute tira LAB sindikatuko SOS Nafarroako langileek, UPNren gobernuak zerbitzua "era oso txarrean" utzi zutela adierazi eta gero. Langileek "egoera hobetzeko" "zenbait proposamen" egin zituzten, baina atzera bota ditu Nafarroako gobernuak.

Halaber, Tafallako sutearen inguruan piztutako polemika gogoan izan, eta beharginek eskainitako zerbitzuaren inguruko zalantzak sortu izana kritikatu du. "Onartezina" da jokaera.

Gauzak horrela, suhiltzaileek eta SOS Nafarroa zerbitzuko kideek, beraz, Babes Zibileko Zuzendaria eta Barne Saileko Zuzendari Nagusia kargugabetzeko eskatu diote gobernuari, biek ala biek izan duten jokaerarengatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!