Banda zabala Nafarroako udalerri guztietara helduko da 2021ean

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 17a, 20:03

Zuntz optikoa foru-geografia guztira zabalduko da eta, horretarako, datozen 5 urteotan 31,35 milioi euro inbertituko dira.

Nafarroako udalerri guztiek banda zabalerako konexioa izanen dute 2021ean, Nafarroako Gobernuak, Nasertic sozietate publikoaren laguntzarekin egindako gida-planaren arabera. Estaldura industrialdeetara eta teknologia-zentroetara zabaltzea ere jasotzen du plan honek.

Zehazki, udalerri guztiek gutxienez segundoko 30 megabit-eko (Mbps) banda zabaleko sarbidea izanen dute. 1.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, sarearen ahalmena 100 Mbps-eraino handitu nahi da, bai eta 1.000 biztanlera iristen ez diren herrien % 20an ere.

Banda zabala Nafarroako 59 industrialdetara ere iritsiko da (4.280 enpresa daude bertan),eta baita Gobernuak foru-geografia guztian banatuta dituen 1.035 eraikinetara ere: ikastetxeak eta institutuak, osasun-zentroak eta kontsultategiak, liburutegiak, egoitzak, suhiltzaileen parkeak eta turismo-bulegoak, enplegu-agentziak, nekazaritzakoak edo errepideak kontserbatzeko agentziak.

Hamar udalerritatik bederatzik zuntzik ez dute

Gaur egun, Nafarroako udalerrien % 93k belaunaldi berriko banda zabaleko sareen estaldurarik ez dute, eta operadoreek erabiltzen duten zuntz optikoa zabaltzeko planetan ere ez dira sartzen, Nafarroako Gobernutik aditzera eman dute bezala. Udalerri horiek Foru Komunitateko biztanleen % 26 hartzen dute: Bera, Castejon edo Elizondo, esaterako.

Beste udalerri batzuetan, Zangozan edo Sakanako beste udalerri batzuetan, zuntz optikoaren sarerik ez dago oraindik, baina enpresa hornitzaileen epe laburreko estaldura-aurreikuspenetan sartzen dira; arrazoi hori dela eta, ezin dira gida-planean sartu estatuko araudiaren arabera.

Nafarroako enpresen Interneterako konexioari dagokionez, Foru Komunitatea estatuko ehunekoen oso azpitik dago abiadura altuenen kasuan (100 Mbps) eta sektore guztietan. Gainera, industrialdeen % 40 enpresen lehiakortasuna bermatzeko behar besteko ezaugarriak ez dituzten banda zabaleko zonaldeetan daude, gida-planak eskaintzen duen diagnostikoari jarraiki.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!