Irurtzungo INASA fabrika ohia eraldatzeko 7,8 milioi euroko inbertsioa eginen du Gobernuak

Euskalerria Irratia 2016ko urr. 14a, 11:18
Manu Aierdi lehendakariorde ekonomikoa izan da gaur Irurtzunen hango alkatearekin eta Arakilgoarekin.

Irurtzunen industria sustatzea da helburua. INASAk erabiltzen zituen instalazioak eta lur-sailak egokitu eta industria gunea indartzea da xedea. 

Manu Aierdi lehendakariorde ekonomikoa izan da gaur Irurtzunen. Hango alkatearekin, Aitor Larrazarekin eta Arakilgoarekin, Goio Santestebanekin batzartu da. Nasuvinsa enpresa publikoaren bitartez 2018tik aurrera 20 enpresentzako industria gunea sortzea da xedea. 7,8 milioi euro inbertituko ditu horretarako Gobernuak eta diru hori gero bueltan jasotzeko asmoa du: lur-sailak salduta edo alokatuta adibidez. Dagoeneko bi enpresek interesa badutela erakutsi dute, hala aurreratu du Aierdik eta hasiak dira lur-eremu horiek alokatu edo saltzeko prozesuetan.

Ekimen horrek ahalbidetuko du besteak beste, duela lau urte erabili ez diren lur-sail eta instalazioak berrerabiltzen hastea eta garai batean INASAK, bereziki Reynolsek Irurtzuni eta Sakanari eman zion susperraldi ekonomikoa itzultzeko hein batean.

140.000 metro koadroko lur-sail eta industria-guneaz hitz egiten ari gara: 100.000 metro koadro instalazioak dira, eraberritzea behar dutenak. Gainerakoa, 40.000 metro koadro lur-eremu berria da.

2018tik jarriko da martxan egitasmo berri hau. Xedea, 20 enpresen interesa piztea da, hala, industria gune hori jardunean izatea du helburu. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!