Egia, justizia eta erreparazioaren barrunbeetan arakatu nahian jaio da ikus entzunezko lana. 1936ko estatu kolpetik gaur egunera arte pasatako 80 urteetako kronika da.
Hiru mugarriren bueltan ehundu du Benito Goñi zuzendariak 50+30 dokumentala. Honako hiru urteren inguruan: 1936ko kolpe frankista; 1986an, Sartagudan,frankismoan eraldakoei egindako omenaldia eta 2016. urtea, egungo garaia, alafede. Hiru data horiek dira argumentua taxutu dutenak.
Memoria historikoaren pausoei so
Ez da kasualitatea, 1986an Sartagudan egindako omenaldia bideoz grabatu baitzuen Atalaya produkzioak ekoiztetxeak, eta, irudi horiek erabiliz, zein gaur egungo testigantzak batuz moldeatu dute dokumentala. Orduko testigantzak eta frankismoak geroztik errepresaliatutako horienak elkartuz dituzte. Izan ere, Karlos Otsoa Bideko Mitxingorria elkarteko kidearen hitzetan, memoriaren defentsan "lan handia" egin den arren, "oraindik asko egin beharra dago".
Helburua, argia, Otsoaren irudiko: "Egungo unea islatzea eta memoria historikoa orain 30 urteko eta egun nola dagoen aztertzea eta jarraipena duela ikustea".
Testigantzek josiriko dokumentala bihar, ostegunarekin, estreinatuko dute, Golem Baiona zineman, arratsaldeko 20:00etan. Ordubete lehenago gonbidapenak banatuko dituzte.