Tokiko Produktuen Iruñeko astea urriaren 4tik 9ra eginen da

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 27a, 13:04

Udalak antolatu du Astea, Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartearekin, NNPEK erakundearekin, INTIArekin, Gurbindo etxearekin eta Harakinen Gremioarekin batera.

Urriaren 4tik 9ra bitartean, Tokiko Produktuen Iruñeko I. Astea eginen da: Kondestablearen jauregian eta Descalzos kaleko igogailuaren eraikinean, zenbait mahai-inguru eta hitzaldi izanen dira, Gazteluko plazan azoka handi bat, eta pintxo-dastaketak Sarasate pasealekuan paratuko den karpa batean. Iruñeko Udalak Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartearekin, Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (NNPEK), INTIA Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuarekin, Gurbindo etxearekin (Fundagro) eta Harakinen Gremioarekin batera antolatu du Astea. Astearen inguruko xehetasunak gaur eman dituzte ezagutzera, prentsaurrekoan, Patricia Perales Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkariak, Edorta Lezáun NNPEK-ko lehendakariak eta Itziar Gorricho Tokiko Ekonomia Jasangarriko Alorreko teknikariak.

Ekimen berri honen helburua da ikusgarri egin eta balioestea hala tokiko produktuak eta ekoizleen lana nola, oro har, tokiko ekoizpenaren inguruko filosofia, eta hori, hainbat arrazoi direla medio: jasangarritasunari eta elikatzeko aztura osasungarriei egindako ekarpenarengatik, halako jakien kalitate egiaztatuarengatik eta Iruñeko zein Foru Komunitate osoko ekonomiaren eragile izateagatik.

Prestakuntza-jarduerak, herritarrei zein adituei zuzenduak

Astearen alde pedagogiko eta prestakuntzakoan, hitzaldiak, dastatzeak eta mahai-inguruak izanen dira tokiko produktuen, 0 kilometroko kontzeptuaren, elikadura-burujabetzaren eta erosketa publikoaren inguruan. Eduki teknikoak izanen dira, adituei zuzenduak, bai eta eta eduki orokorragoak ere, aipatu kontzeptu horiek herritarrei ezagutzera emateko. Halako jarduerak urriaren 4tik (asteartea) 7ra arte (ostirala) eginen dira Udalaren bi gunetan, Kondestable Civivoxean eta Descalzoseko igogailuaren eraikinean –azken horretan, dastatzeak eginen dira–.

Urriaren 4an zabalduko da Astea, 19:30ean. Inaugurazioan parte hartuko dute Patricia Perales Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkariak eta gainerako entitate antolatzaileen ordezkariek:Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartea, NNPEK Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseilua, INTIA Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutua, Gurbindo etxea (Fundagro) eta Harakinen Gremioa. Asteazkenean, Pamplona-Iruña comprometida con la gobernanza alimentaria izenburukohitzaldia izanen da, non Milango Ituna eta Nafarroako Erosketa Publikoko Taldea aurkeztuko baitira, eta elikadura-burujabetasunari buruzko erakusketa zabalduko.

Urriaren 6an, ostegunarekin, Ferrán Garcíak Transformando los comedores escolares. Pieza clave para un mundo rural vivo, la sostenibilidad de las ciudades y la salud de lxs niñxs y de la comunidad escolar izeneko hitzaldia emanen du. Grupo de Compra Pública en Navarra-Nafarroako Erosketa Publikoa izeneko taldeak aurkeztuko du saioa, hots, Nafarroako Elikadura Burujabetzari buruzko Parlamentu Irekiko  prozesutik sortutako taldeak. Ferrán García aditua da eskola-jantoki osasuntsu, hurbil eta jasangarrien arloan, bai eta VSF Justicia Alimentaria Global elkarteko kidea ere. Hizlari horrek berak jardungo du ostiralean, urriaren 7an, berriro ere eskola-jantokiak ardatz izanen dituen lantegi teknikoan, non tokiko elikadura-sistemak eta erosketa publikoa izanen baitira hizpide. Lantegia eskola-komunitateari zuzendua da, ikastetxeetako kudeatzaile eta zuzendariei, guraso-elkarteen federazioei, udal eta entitateei, teknikariei eta ordezkari publikoei, gizarte-eragileei, sindikatuei eta arlo honetan erabakiak hartzen aritu behar duten guztiei. Saioa goizeko 11:00etan eginen da, Udaletxean.

Azkenik, ostiralean bertan, Jakoba Errekondok hitzaldia emanen du jarduera-karpan, Sarasate pasealekuan, Vive el huerto gaiaren inguruan, Patxi Huarte ilustratzailea lagun duela.

Urriak 7- 9: Azoka eta dastaketak

Tokiko produktuen azoka handia urriaren 7tik 9ra egonen da irekita, ostiraletik igandera. Azokak bidea emanen du ekoizleak eta kontsumitzaileak zuzenean ari daitezen elkarrekin. Azoka bi gune nagusitan kokatuko da, Gazteluko plazan eta Sarasate pasealekuan. Bi toki horietan, 70etik gora ekoizle arituko dira, tokiko produktuen inguruan konprometiturik dauden hainbat erakunde ordezkatuta.Urriaren 7an inauguratuko da, 17:00etan, eta irekita izanen da 21:00etaraino. Larunbatean, hilaren 8an, ordutegia 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara izanen da irekita. Eta amaitzeko, igandean, hilaren 9an, 11:00etatik 14:30era.

Bestalde,400 m2-ko hirugarren gune bat ere izanen da, Sarasate pasealekuan kokatua. Bertan, taberna bat paratuko da, bai eta azokako produktuekin prestatutako pintxo aukera zabala dastatzeko tokia ere. Ostiral arratsaldean, INTIAk edukiko du karparen ardura; larunbatean, hilaren 8an, Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseilua arduratuko da karpaz, eta igandean –urriak 9– Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartea, goiz osoan zehar.

Astea, tokiko produktuetako entitateei irekia

Tokiko Produktuen Iruñeko Astea antolatzeko, Udala harremanetan sartu da tokiko produktuen, jatorri-deituren eta 0 kilometro kontzeptuaren sustapenaren esparruetan lanean ari diren erakunde eta elkarte guztiekin. Lehen edizio honetarako, Udalak hitzarmena sinatu du Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartearekin, Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin, INTIArekin eta Gurbindo Etxea-Fundagrorekin, baina hitzarmen hori irekita dago etorkizunean sektoreko beste talde batzuk ere hartzeko.

Ekimenaren hedapenari begira, tokiko produktuak identifikatuko dituen logo-marka bat diseinatu da, eta erreproduzituko da: kanpainarekin bat egin nahi duten denda eta establezimenduendako 3.000 eranskailutan, azokan banatuko diren 4.200 poltsetan eta produktuei jarriko zaizkien 10.000 eranskailu txikitan. Horrez gain, hiru irudik iragarriko dute Astea hiri-autobusen Iruñeko zein Iruñerriko beste zenbait herritako geltokien markesinetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!