Lau ikastetxe publiko berritzeko 231.724 euro emanen ditu Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 21a, 09:03
Argazkia: Patxi Larrainzar ikastetxe publikoaren kanpoaldea.

Azpilagaña, Patxi Larrainzar, San Juan de la Cadena eta Vazquez de Mella ikastetxe publikoetako bainugelak eraberrituko dituzte.

Iruñeko Udalak hiriko lau ikastetxe publikotan hobekuntzak egiteko lanak lizitaziora atera ditu. Azpilagaña, Patxi Larrainzar, San Juan de la Cadena eta Vázquez de Mella ikastetxe publikoetako bainugelak birmoldatuko dira, guztira 231.724,9 euroan (BEZa kanpo). Lizitazio-iragarkia Nafarroako Kontratazioaren Atarian kontsultatu daiteke eta eskaintzak aurkezteko epea irailaren 28an, 14:30ean, amaituko da.

Kontratua lau sortatan banaturik dago. Lehenengoa, Azpilagaña Ikastetxe Publikoko bainugelak birmoldatzeko, 108.668,18 euroan; bigarren sortaren barruan Patxi Larrainzar Ikastetxe Publikoko bainugelak sartzen dira eta diru-zuzkidura 41.542,97 eurokoa da; hirugarren sortan Lehen Hezkuntzako San Juan de la Cadena Ikastetxe Publikoko bainugelak, 35.601,7 euroan; eta laugarren sortan, Vázquez de Mella Ikastetxe Publikoko bainugelak, 45.912,05 euroan.

Lan horiek sortatan banatuz Iruñeko Udalaren xedea da ahalik eta enpresa gehienek lizitazioan sartzeko aukera izatea, eta kontratuak, ahal den neurrian, lizitatzaile gehiagoren artean banatzea. Horretarako, Hiri Kontserbazioko eta Proiektuetako Alorrak baldintza-sorta bat prestatu du, non inbertsioaren bolumena partekatuz, eraikuntzako enpresa txiki eta ertainek ere kontratuen lizitatzaile izateko aukera izango duten.

Funtzionaltasun- eta segurtasun-betekizunetara egokitzeko lanak

Kontratuaren testuan jasotzen den bezala, lau ikastetxe horietan egun dauden bainugelak zaharkituta daude; espazio-banaketek eta tamainek zein akaberetan erabilitako materialek ez dute betetzen betebeharreko. araudia Esku-hartzearen xedea da, funtsean, egun indarrean diren funtzionaltasun, segurtasun eta irisgarritasun-betekizunetara egokitzea.

Berrikuntza-lan horiek Iruñeko Udalak ikastetxeetan egingo duen inbertsio programaren barruan sartzen dira. Aurten 880.000 euro bideratuko dira hiriko dozena bat ikastetxe publikotan birmoldaketa-lanak egitera. Hasiera batean onetsitako obren planak 550.000 euroko diru-zuzkidura zuen, bederatzi ikastetxetan esku-hartzeko. Plan hori joan den ekainean 334.000 euroan handitu zen, 2015eko aurrekontuen betetze-maila berraztertzean sortutako superabita erabiliz. Aurrekontuko gehikuntza horri esker, besteak beste lau ikastetxe horietako bainugelen birmoldaketa-lanak egingo dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!