AHTaren aldeko apustua berretsi du Barkosek

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 21a, 09:06
Argazkia: Uxue Barkos eta Manu Ayerdi, Nafarroako Parlamentuan.

Mediterraneo-kantauri korridorean sortu nahi du Geroa Baik bidaiariak eta merkantziak garraiatuko dituen trena, baina, oraindik, "geldi" dagoela esan du Nafarroako lehendakariak.

Abiadura Handiko Trena eginen ote denetz. Hori izan da PSNk Nafarroako Parlamentuan gobernuari galdetutakoa. Eta erantzuna: baietz. Ezbairik gabe erantzun dio Uxue Barkos Nafarroako presidenteak. Trena Mediterraneo-Kantauri korridorearekin lotuta egonen dela azaldu du, eta, are gehiago, Euskal Y-arekin lotura izanen duela. Nolanahi ere, "geldi" dago proiektu, "diru falta" dela eta. Geroa Bai eta PSN ez ezik, UPN eta PP ere trenaren alde azaldu dira.

Lauko gobernuan ez dago adostasunik gaiaren inguruan. EH Bilduko, Ahal Duguko eta Ezkerrako indarrek adierazi dute AHTa ez dutela gelditu gobernuan lortutako adostasuna medio, baizik eta "ekonomikoki bideragarria ez delako", une honetan, Geroa Bairen aburuz.

PSNk eskua luzatu dio Geroa Bai

PSNk "beti" eginen du AHTaren aldeko apustua. Hori esan dio Maria Txibitek Barkosi; exekutiboak proiektuarekin aurrera egitekotan, euren laguntza izanen duela. Ingurumari horretan, Madrilekin bestelako akordio bat lor dezakeela iradoki dio.

Adif-ek 45 milioi euro zor dizkio Nafarroari, honek aurreratu egin zituelako AHTa eraikitzeko xedez. Barkosek itzultzeko exijitu du. Ildo berean, AHTa "oraingo erronketara eta beharretara" moldatu behar dela aipatu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!