Enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa eta lana izateko aukerak zabaltzea. Horiek dira Nafarroako Gobernuak aurkeztutako Enplegu Planaren hankak. Gainera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak "arreta pertsonalizatuagoa" eskainiko duela ere esan dute.
Osotara, 140 neurri agertzen ditu zirriborroak, "pertsonen eta enpresen beharrak" asetzeko. Exekutibak dioenez, "garapen modelo berria" sustatuko du: "lehiakortasuna, gizarte kohesioa eta ingurumena" ardatz.
Enpleguaren kalitateari dagokionez, behin betiko kontratazioan jarri nahi du indarra: orain dauden 17.000 behin betiko kontratuetatik 25.000 pasa nahi du. Eta, ildo beretik, emakumeen, gazteen eta 45 urtetik gorakoen zein aniztasun funtzionala dutenen enplegugarritasuna handitu nahi du.