Maria Solana: “Gobernuan aldaketa gehiago izanen dira, Osasun eta Ingurumen departamentuetan”

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 20a, 08:09

> “Gobernuak egiten ari den lanaren errelatoa osatu eta gizarteratu behar du”.
> “Aldaketaren aldeko lau indarren artean harreman sakonagoa landu behar dugu, akordio programatikoaren literaltasuna ez ezik arima ere aurrera ateratzeko”.

Nafarroako Gobernuko eledun berri Maria Solanarekin inauguratu dugu denboraldi berriko Metropoli Forala saioko elkarrizketa politikoen saila.

Karguaz jabetu aurretik eskatu dizute dimisioa, Twitterreko mezu baten kontura.

Seguru baietz, luze ez ziren ibiliko. Ni ez naiz behin ere izan oso twitterzalea. Ironikoa da, bertatik etorri baitzait lehen zaplaztekoa. Ironia ez da ulertu nahi izan. Nire orduko kritika garbi zegoen; ez omen dago hain argi. Ez dago auzirik, gezur batean oinarrituta dago. Eta gezur horren inguruan eraikitako mamua baino ez da.

Datorkizunaren iragarle?

Bai, eta orain arte ikusi dugunaren adierazle. Zein den beraien kezka, eta gaitasuna, agerian uzten du. Ez digute erakutsi oposizio bezala bestelako diskurtso bat egiteko gai direnik.

Ana Ollok utzi du eledun postua eta Maria Solanak hartu du. Edo, beste batean esanda, teknikari batek utzi eta politikari batek hartu du. Ados bigarren formulazioarekin?

Ana Ollo ez zen politikatik zetorren pertsona bat; mundu akademikoan zebilen; bere ezagutza mordoarekin eta dagoen lanean aritzeko egokia izan daitekeela argi utzi du, baina egia da politika mundutik at zetorrela eta politikan gaude sartuak bete-betean.

Hasieran, bazirudien politikaria izatea zama zela, kontseilaria izateko tenorean.

Horrelako erabaki bat ezin genuen hartzen ahal orain dela urtebete. Hautatu genuen formula baliogarria zen eta baliogarria izan da urte osoan zehar.

Pasa dugu oso urte zaila. Bi hauteskunde gogor bizi izan ditugu, orokorrak biak. Lauak aurkeztu gara bakoitza bere bidetik. Eta horrek ez dio minik egin gobernuari. Akaso gobernua ez delako inorena, ez delako alderdiek osatutako gobernu bat.

Alderdi jakin bateko politikaria zara, EAJkoa. Nola daramate hori aldaketaren aldeko lau indarrek?

Pertsonalki eta pribatuan zoriondu naute. Denen onespena daukat. Den-denek agertu didate beraien babesa, bai publikoki, baita pribatuan ere. Ez dugu ahaztu behar zer nolako lanetik gatozen. Tokatu izan zait izatea beraien bozeramailea. Ari naiz defendatzeko denon interesa. Horrekin lasai daude, horrekin lasai nago.

Eleduna izateaz gain, aldaketaren aldeko lau indarren arteko komunikazioaz arduratuko zara. Alor horretan, zer egin da gaizki orain arte?

Zer ez den egin da igual galdera. Arazoa da batzuetan ez dela jorratu behar bezainbeste harremana, informazio jarioa, ez bakarrik kuatripartitoarekin, gainontzeko indarrekiko harremana ere eskasa izan da. Hori zaindu behar dugu. Beste parteak erabakiko du zenbateraino nahi duen gurekin harremana.

Akordio programatikoan gelditu izan gara testuan, jartzen duen horri erreparatu diogu, baina akordioak literaltasunaz gain badu arima bat, eta arima hori zaindu eta indartze aldera egin behar da harreman sakonago bat landu.

EH Bilduk eta Ahal Duguk diote gobernuan sartu nahiko luketela. Zentzu horretan urratsik eginen al duzue?

Gure aurrean ez dute horrelako asmo argirik jarri mahai gainean. Momentuan ez da kontenplatzen bestelako formularik. Igual beste modu bateko elkarlan bat, harreman zuzenago eta eraginkor batekin? Hori posible da.

Eleduna aldatu duzue. Hezkuntzako zuzendari nagusiak ere bai. Aldaketa gehiago egiteko asmorik ba al da? Osasun Departamentuan?

Bai egonen da ,Ingurumen departamentuan adibidez. Eta Osasunean bai, noski. Organigramari buelta bat emanen diote eta ikusiko ditugu bestelako aldaketak.

Ginekologiako zerbitzu buruak, Ricardo Ezkurrak, abortatzeko aukerarik ez dagoela esan berri du.

Hau egiten da pertsonekin.

Baina Ezkurrak eutsiko al dio karguari?

Ikusiko dugu zer gertatuko den, baina horri buelta bat ematen ari dira eta berehala jakinen dugu.

Gobernuaren kanpo komunikazioaren alorrean, zer egin da gaizki orain arte?

Ez da hainbeste zer egin den gaizki, baizik eta zer ez den egin. Bada parte inportante bat landu behar dena eta orain arte ez dena egin: jendearekiko harremana, herritarrenganakoa. Uste dut ez zela egiten ari behar zen neurrian eta behar zen moduan.

Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoa, esaterako.

Bai, kritika horiekin bat nator. Nere amorrua agertu nuen. Hor ez da komunikazio arazo bat egon dena, baizik eta komunikazioa nolakoa izan zen, eta igual komunikazioa beste maila batean, eta igual departamentuak ez ziola heldu hasierako jarrera argi bati. Eta heldu genienok geratu ginen pixka bat bakarrik. Txosten teknikoek zioten hori zela egin behar zena. Baina arazo politikoak egon ziren. Gailendu ziren arazo politikoak irizpide teknikoen gainetik.

Legealdi hasieratik argi zegoen eskuin politiko eta mediatikoak euskararen inposizioaren mamua astinduko zuela. Aurrea hartzen utzi zaie. Orain zer?

Arazoa ez zen izan hainbeste oposizioa, baizik eta kuatripartitoan zeuden alderdi batzuen jarrera. Hori beste modu batera neurtu behar da.

Nola eman buelta?

Informazio transmisio akats bat egon zen. Kuatripartitoko indarrok jaso genuen horren berri prentsatik. Lehenago jakinarazi izan baligute, gobernuak aldez aurretik jakinen zuen zein zen lau indarren jarrera, eta hobeki erantzun ahal izanen zien zenbait indarren jarrerari.

Orain beste alorretako lan eskaintza publikoak etorriko dira, eta aurreikus daiteke hizkuntza profiletan lau indarrak ez direla ados egonen. Nola konpondu?

Hori konpontzen da aldez aurretik hitz eginez. Ez dugu ahaztu behar gobernuak baduela kasu batzuetan erabakia hartzeko aukera. Ez du zertan denetan adostasunik egon, denok jakin dezagun zein den bakoitzaren jarrera, baina zenbait erabakirekin egiten ahal da aurrera.

 

Ene uste harroan, gobernu honek ez du osatu egiten duenaren errelatoa. Ados?

Erabat nator bat. Errelatoa egin behar da, baina ez dut uste aldez aurretik idatzi behar denik eta gero eskaini, baizik eta denon artean idatzi behar dugula. Forma eman behar diogu aldaketaren errelatoari, ezin dugu aldez aurretik idatzi.

Gehiengo sozial bat dago parlamentuan aldaketaren alde eta gai dira adostasunetara iristeko. Gai bagara batera aurrera egiteko, eta errelatoa batera idazteko, nahi duguna lortuko dugu.

Diotenez, legealdiko bigarren urtean hartzen dira erabakirik garrantzitsuenak, indartsuenak. Hala izanen al da?

Bai, hori da asmoa, orain hartzea neurri ausartenak. Baina batzuk jada hartu ditugu lehen urtean.

Egidazu lehen urtearen errelatoa.

Oso urte zaila izan da. Bazen ailegatzea, sartzea 20 urtez oso modu konkretuan lanean aritu den administrazioan, UPNren estiloan: horri buelta ematea oso zaila da. Aurre egitea ere egoera ekonomiko ez oso aldeko bati. Aurre egitea aldez aurretik baziren urgentzia eta larrialdi guztiei. Aurreratu dira gauza asko, aurreratu ahal izateko beste politika jakin batzuk. Joan den urtea egiteko urte bat izan da. Eta bigarren urtea, egiteko urtea ez ezik, esateko urtea ere izanen da.

Zeintzuk dira lehentasunak?

Lehentasuna politika sozialak dira, eta indarra jarriko dugu hezkuntzan, nahi dugun hezkuntza ereduan. Osasunean, ere eraginen dugu, besteak beste, itxaron zerrendetan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!