'H28' hilabetekari satirikoa zentsuratu du Nafarroako Komiki Azokak

Euskalerria Irratia 2016ko abu. 30a, 08:02
Argazkia: Opus Deiren inguruko bineta.

Torturaren eta pedofiliaren inguruko bi lan atzera bota ditu azoka koordinatzen duen Tiza elkarteak. Erantzun gisa 'H28' aldizkari "saretirikoak" uko egin dio parte hartzeari.

Fanzineen inguruko erakusketa batean parte hartzeko eskatu zion Nafarroako Komiki Azokak H28 aldizkariari. Hamalau pieza aurkeztu behar zituen. Hautapena erakutsi eta orduan hasi da arazoa, baina. Torturaren eta pedofiliaren inguruko bi lan atzera bota ditu azoka koordinatzen duen Tiza elkarteak. Arrazoia? "Lanen edukia", H28 aldizkariko kideen hitzetan.

Marrazkilariek Tiza elkarteari erabakia "birpentsatzeko" eskatu badiote ere, ez du atzera pausorik eman. Horregatik, azkenean, aldizkariko lanak ez dira azokan egonen. "Zentsura saiakera" kritikatu du H28k, eta antolatzaileak "adierazpen askatasunaz duten ikuspegia berrikustera" animatu ditu.

Pedofilia eta tortura, isilarazita

Pedofiliaren inguruko irudia -goian ikus daiteke- "gehiegizkoa" da Tiza eragilearen hitzetan: "Ez dugu uste kolektibo oso hau pedofiliaren gaiaren barruan sartu beharko litzatekeenik. Eztabaidatu litekeen kontu bat liteke, baina ez dugu egoki ikusten".

"Ez zaigu horri buruz hitz egiteko lekua iruditzen, ez behintzat hain modu esplizituan. Egia da torturarena, baina beste modu batean ere esan daiteke". Hori da Tiza elkarteak esan duena goian ikus daitekeen gurutzegramari buruz.

Babesle pribatuak joateko arriskua

Lanak erakutsiz gero, etorkizuneko azoketan babesle pribatu batzuen laguntzarik gabe geratzeko arriskua ere egon daitekeela esan dute antolatzaileek, H28ko kideek azaldu dutenez. Esaterako, Nafarroako Kutxaren Fundazioa, La Caixaren gizarte ekintza eta El Corte Ingles dira babesleetako batzuk.

Horregatik, ironiaz erantzun diote azokaren esanei: "H28 aldizkariko kideak prest azaldu dira antolatzaileei beren marrazkiek komiki azokan utziko duten hutsunea bete ahal izateko El Corte Inglesen katalogo bat helarazteko. Bereziki interesgarriak dira, adibidez, altzariei eta etxe tresnei buruzko orriak. Akaso horrela prezioa izanen da Tiza elkartekoek edukiko duten arazo bakarra, eta ez edukia".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!