Baztango Udalak entzungor eginen dio euskara plana bertan behera uzten duen epaiari

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 25a, 18:52
Arg: valledebaztan.com

Baztan euskararen arnasgunea izanik, ausart jokatu behar dutela argudiatu du Joseba Otondo alkateak.

Aurreko Nafarroako Gobernuak jarritako helegiteari arrazoi eman dio Auzitegi Nagusiak eta Baztango euskara plana bertan behera utzi du. UPNren Gobernuak salaketa jarri zuen, esanez euskara sustatzeko zenbait neurri legearen kontrakoak zirela. Bi argudio nagusi ditu epaiak. Batetik, juridikoki ez zutela zuzen egin plana, neurriak ikusita: "Ez dira administrazioaren eremuko jarraibide edo irizpideak, baizik eta arau baten edukia duten neurriak". Hortaz, arau baten tramitazioa jarraitu behar zela azaldu du.

Bigarren argudioan heldu diote euskararen gaiari. Euskararen Legeak eta administrazio publikoetan euskara erabiltzeko dekretuak zehaztutako mugak gainditzea egotzi diote udalari. Gogora ekarri ditu muga horiek: ele bitan egin behar direla argitalpenak eta seinaleak, herritarrekiko harremanetan biak erabili behar direla herritarrek aurkakoa esan ezean, eremu euskaldunetik kanpo eragina duten agiriak ere gaztelaniaz egin behar direla...

Baztango Udalak 2014an onartu zuen euskararen erabilera normalizatzeko plana eta bertan euskara lehenesteko zenbait neurri bildu zituen: webgunea irekitzean euskarazko bertsioa agertzea lehenik, herritarrekiko harremanetan lehen hitza euskaraz egitea udaleko langileek eta seinaleetan euskara erabiltzea, besteak beste.

Legeak ez ezik, Baztango euskara ordenantza bera ere urratzen duela planak, esan du epaileak. Epai irmoa da eta ezin da helegiterik jarri.

 

Honen aurrean Joseba Otondo, Baztango alkateak esan du “entzungor” eginen diotela epaiari. Aurreko gobernuak euskarari jarritako beste traba bat gehiago da jarri zuen helegite hau eta ausardiaz jokatu behar dutela Baztan euskararen arnasgunea delako. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!