Genero indarkeria: zuzen informatzea garrantzitsua denean

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 24a, 08:51
June Fernandez kazetaria eta genero-perspektiban aditua.

June Fernandez kazetari eta genero-perspektiban adituak formazioa eskaini du Nafarroako kazetarien artean. Indarkeria matxista baten aurrean esaten direnak eta esaten ez direnak aztertu ditu.

Komunikabideek nola informatzen duten, halakoa izanen da sortzen den iritzi publikoa. Horregatik, ezinbestekoa da genero indarkeria kasuen aurrean egoki eta zuzen ematea informazioa. "Akatsak ugari dira egun, baina asko aurreratu da", adierazi du June Fernandez kazetari eta genero-perspektiban adituak. Adibide argigarri bat eman du egindako pausoetako bat adierazteko: "Lehen, etxe barruan gertatzen zen indarkeriaz hitz egiten zen, edo pasiozko krimenaz, orain, genero indarkeria baita indarkeria matxista ere". Mitoak hausten segitzeko beharra ere azpimarratu du. Izan ere, gizartean zabaldu diren baieztapen asko zalantzazkoak dira. Ez da egia, sexu eraso bat ezezagun batek egiten duela bakarrik, "sexu eraso gehienak ezagunek edo inguruko norbaitek eginak dira".

Akatsak oraindik ere mezuak zabaltzerakoan

Zalantzazko egiten dira zenbait mezu emakume batek sexu erasoa salatzen duenean. Batzuetan, gehiegi jartzen da ezbaian haren kontakizuna. "Ustezko erasotzaileaz aritzen dira medioak, eta hala jokatu behar da epaiketa irmorik ez dagoen arte, baina, ezin da dudan jarri erasoa bera, alegia, ustezko erasorik ez da, ez den bezala ustezko lapurretarik; edo bada, edo ez da", azaldu du Fernandezek. Kazetariek askotan beste zenbait "obsesio" ere izaten dituzte indarkeria kasuetan eta emakumeak salaketa jartzen ez duen arte sinesgarritasuna zalantzan jartzen da: "Horrek eragina izan dezake sexu erasoa izan duela adierazten duen emakumearengan, errua senti dezake salaketa jarri ez duelako".

Beharrezkoa al da indarkeria jasan duen emakumearen bizilagunei galderak egitea? Galdera horixe jarri du mahai gainean Fernandezek. "Elkar asko maite zuten, inork ez zuen halakorik espero, zoriontsu zirela ematen zuen... halako testigantzek ez diote onik egiten indarkeria pairatu duenari", esan du. Izan ere, gogoratu du biolentzia ez dela beti kanpotik antzematen. Hala, bizilagunei galdeketa egin ordez, egokiagoa litzateke genero indarkerian aditua den norbaiti egitea galderak. Modu horretan aztertu ahalko da zergatik gertatu den indarkeria kasu hori, edo behintzat zenbait jarraibide emanen ditu: "Sexu erasotzaileen artean ez dago perfil zehatzik eta horregatik, adituengana jo behar da kasu bakoitza aztertu ahal izateko eta zenbait zantzuren inguruan hausnartu ahal izateko".

Emakumea medioetan

Indarkeria matxistaz aritzen direnean komunikabideak ateratzen dira gehien emakumeak. "Programetan adituak ateratzen direnean 10etik 9 gizonezkoak dira", azaldu du Fernandezek. Hori, "kezkagarria" da. Emakumea biktima gisa irteten da aldizkari, egunkari, telebista edota irratietan. "Askotan indarkeria kasuetan komunikabideek irudi espezifikorik ez dutenean artxibotik hartzen dituzte argazki edo bideoak eta horietan, emakumea uzkurtuta, txoko batean makurtuta, begia hazita edo minduta agertzen da. Horrek, biktima izatera eramaten du eta emakumearen ahuldadea baino ez du erakusten", azpimarratu du. Zuzenagoa litzateke Fernandezen ustez, emakumearen irudia bestelakoa izatea: "indarkeria matxista baten aurrean emakumea biktima da bai, baina ez horregatik ahula eta indargabea".

Emakumearen irudiaz hausnartzeaz gainera, indarkeria kasu baten aurrean gizarteak ematen duen erantzuna zabaltzea garrantzitsua da: "Manifestazioak, protestak eta salaketak medioetan zabaltzean, gizarteak jarrera, jokaera eta indarkeria horien aurrean duen iritzia ematea ezinbestekoa da".

Kazetarion artean zenbait pintzelada eman zizkion June Fernandez adituak genero indarkeria kasuen aurrean komunikabideok dugun arduraz. Hausnartzeko zenbait elementu eta hobetzeko zenbait gomendio.

 

June Fernandez, kazetaria eta genero-perspektiban aditua

Pikara aldizkariko sortzailea da June Fernandez kazetaria. Beste zenbait komunikabidetan ere aritzen da lanean. Genero-perspektiban eta migrazioan, besteak beste. Formazioa eman du zenbait komunikabidetako kazetarien artean. Aste honetan, Nafarroako Gobernuak antolatu duen formazio-tailer laburrean hartu du parte, Iruñean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!