Sanferminetan "ez seguruak" diren txokoak identifikatzeko bi lan saio eginen ditu udalak emakumeekin

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 23a, 13:49

Bilerak ekainaren 2an eta 7an izanen dira, goizez eta arratsaldez. Emakumearen Udal Kontseiluak sustatu du ekimena, eraso matxisten kontrako programaren parte gisa.

Eraso matxisten kontrako kanpainaren karietara, "gune ez seguruak" markatuko dituzte emakumeek. Iruñeko Udalak deialdia egin du, eta bilera horren ostean apuntatuko dute zeintzuk diren txoko ilun horiek.

Kondestable jauregian izanen dira saioak, ekainaren 2an eta 7an, goizez 10:00etatik 12:00etara eta arratsaldez 19:00etatik 21:00etara. Edozein emakumek har dezake parte, aldez aurretik izena emanda 010 telefonoan (edo 948420100 zenbakian Iruñetik kanpo deituz gero).

"Eraso sexistarik gabeko hiria" eraikitzea da asmoa, udalaren esanetan, bai eta emakumeek "berdintasunean eta askatasunez" gozatu ahal izateko espazioak sortzea.

"Espazio publikoa, eta areago sanferminetan, sexu/genero botere harremanak egituratzeko berariazko testuingurua da", esan du udalak. Hala, "egituraketa espazialek eta sozialek eragiten dute emakumeek festa bizitzeko dauzkaten formetan".

Ondorioz, "espazio horiek transformatzeko" egitasmoak jarri nahi dituzte martxan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!