Carmen Albak Mikel Zabalzaren omenezko eta torturaren aurkako murala ezaba dezan eskatu dio Agoizko Udalari

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 12a, 20:23
At¡rg: ahotsa.info

Muralak terrorismoa goratzen du Espainiako Gobernuaren ordezkariaren ustez. Sendiak eta Agoizko Udalaren ordezkariek bihar jakinaraziko dute nola jokatuko duten salaketaren aurrean. 

Ahotsa.info atariak aditzera eman duen bezala, Agoizko Udalera igorritako agirian Albak argudiatu du muralak terrorismoa goratzen duela. “Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 2009ko uztailaren 7an emandako aginduaren arabera, ETA erakunde terroristarekin zerikusia duten ikur guztiak ezabatu egin behar dira (ETAko kideen argazkiak, anagramak edo aldeko mezuak dituzten pankartak eta kartelak, e.a.), haiek publikoki erakustea terrorismoaren gorazarre delitua izan daiteke eta”.

Zabalzaren senideak oso haserre agertu dira Carmen Albak ETAkidetzat jo izanagatik. Iragarri dutenez bihar jakinaraziko dute, Agoizko Udaleko ordezkariekin batera, nola jokatuko duten Carmen Albaren eskariaren aurrean.

Mikel Zabalzaren arrebari, Lourdes Zabalzari, “mingarria” egin zaio salaketa  eta Gogoratu du bere anaiak ez zuela loturarik ETArekin. “Barrionuevok [Espainiako Barne ministroa Zabalza atxilotu eta torturatu zeneko garaian] esan zuen akatsa izan zela eta ez zuela zerikusirik”.

Agoizko murala antzeko beste bat egiteagatik Burlatan zortzi lagun atxilotu eta geromargotu zuten. Operazio hura ere Carmen Albaren aginduz egin zen. Orain, Espainiako Gobernuaren ordezkariak hilabeteko epea eman die Agoizko udal arduradunei ezabatze agindua betetzeko. Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak Gobernuaren ordezkariaren dimisioa eskatu du. Bestalde Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak esan du "mingarria" dela Zabalzaren senideentzat hura "ETAko kidetzat" jotzea. Uste du Albak ez duela ezagutzen Mikel Zabalzaren auzia, eta "sen ona" eskatu du. PPNko parlamentari Javier Garciak, aldiz, Albaren jarduna defendatu du, esanaz hark egin duen bakarra "egun indarrean dagoen legeria bete dadin eskatzea" dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!