LABen ustez, lan eskaintza publiko zabalagoa behar da Osasunbidea eraldatzeko

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 10a, 12:40

313 plazako Lan Eskaintza Publikoa aurkeztua du Gobernuak; LABen ustez 2.042 plaza beharko lirateke Osasunbidearen behin-behinekotasuna jasangarri egiteko.

Osasunbidean prekarietatea kezkagarria dela ohartarazi du LAB sindikatuak. Behin behinekotasun handia dute langileek, langileen %40k du behin behineko lan kontratua eta lan zama handiegia dute gehienek.

Gobernuak aurkeztu duen lan eskaintza publikoak gainera ez da nahikoa izanen egoera horri buelta emateko. Motzegia da. Madrildik ezarritako mugei men egindako lan eskaintza dela uste dute. 313 plaza da Uxue Barkosen Gobernuaren proposamena eta LABen ustez, gutxienez legealdi honetan 2.042 plaza atera beharko lituzkete. Miren Otxoa da Ospitalguneko Lab sindikatuko arduraduna:

Behin behinekotasuna %20 egonkortzeko, 200 eta 250 plaza atera beharko lituzke Gobernu honek urtero. Ez litzateke aski izanen, baina, behin behinekotasuna jasangarriagoa litzateke. Modu honetan eginen luke LABek plazen banaketa:

  • Mediku espezialistak: 469 plaza
  • Mediku ez espezialistak: 39 plaza
  • Erizainak, fisioterapeutak ... (unibertsitate ikasketak dituzten bestelako profesionalak): 684 plaza
  • Erizain laguntzaileak, zaindariak ... : 548 plaza
  • Administrazioko langileak: 164 plaza
  • Zerbitzu Orokorretako langileak: 138 plaza

Urte askotako kudeaketa okerraren emaitza bizi du egun Osasunbideako lan taldeak. Baina ez hori bakarrik. Kezkagarria iruditzen zaio LAB sindikatuari, zuzendaritza postu hainbatetan, oraindik ere, UPNren garaian murrizketak onartu eta aurrera eraman zituzten zenbait kargu daudela oraindik.

Batzarrak langileekin

LAB sindikatuak sektoreko langileekin batzarrak eginen ditu datozen egunetan. Bihar Ospitalegunean eginen du lehena 11:00etan eta 14:00etan psikiatrikoan izanen da bilera. Maiatzaren 12an Ubarminen izanen da 14:00etan batzarra.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!