ETBk Nafarroan emisioa eten eginen du bihar, zigilatzea ekiditeko

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 4a, 14:05

Industria Ministerioak ETBk Foru Erkidegoan egiten duen emisioaren aurka "hartutako neurri berrien eta gertakari larrien" ondorioz hartu du erabakia.

Euskal Irrati Telebistak (EiTB) gaur zabaldutako ohar baten bidez azaldu du Estatu Idazkaritzak "EiTBri eta ITELAZPIri txosten berresleei hasiera eman eta gero, euskal telebista publikoak Foru Erkidegoan emititzen duen programazioagatik, aipatutako enpresen langileak datorren astean aurkeztea eskatu du, ekipoen eta instalazioen zigilatzea egiteko".

"Ministerioak hartutako neurri berrien eta gertakari larrien aurrean", EiTBko Zuzendaritza Nagusiak esan duenaren arabera, "ezin dira baztertu aipatutako sozietateek izan ditzaketen ondorioak, emisioak berehala eteten ez badira". EITBko Zuzendaritza Nagusiaren iritzian, "Ministerioak hartutako erabaki horrek esparru erradioelektrikoaren okupazio baketsuaren oinarria hautsi du, hogei urte baino gehiagoren ostean, eta ETBk Nafarroan emititzeko hartutako erabakiak gidatu eta gero".

Ostegunean itzalaldia

EiTBk adierazi du bete eginen duela Industria Ministerioak egindako eskakizuna, hori dela eta, datorren ostegunean, zentro igorgailuen seinale digitala itzaliko du: Ioar (50. kanala), Erreniega (27. kanala) eta Ezkaba (41. kanala). Itzaltzean, seinalerik gabe geratuko da Iruñerriko audientzia, baina baita Foru Erkidegoko beste eskualdekoak ere, neurri horrek errepikagailu digitaletan eta analogikoetan eraginen duelako, herriek gero kudeatzen dituztenak, eta aipatu hiru errepikagailuen seinalea zabaltzen dituztenak".

Era beran, Euskal Irrati Telebistak penagarritzat jo du "Ministerioaren agindu horrek hiritar nafarrak kaltetuko dituela, ez baitituzte ETBren kanalak jasoko eta horrek oinarrizko eskubideen esparruan ere izango du eragina".

Halaber, harridura adierazi du "soilik EiTBri egin zaiolako agindua, antzerako egoerak daudenean bai Nafarroan baita beste Autonomia Erkidegoetan ere, erakunde publikoen eta enpresa pribatuen partetik".

Konponbide bila

EiTBk adierazi du “prest” dagoela Nafarroako Gobernuarekin “estu” lan egiteko, araudiaren arabera seinalearen digitalizazioari “behin betiko konponbidea” emateko.

Halaber, hedabide publikoak gogorarazi du beti jokatu duela “Nafarroako gizartearen eskakizunei erantzuna emateko eta gardentasun eta leialtasun instituzional osoz”, eta EiTBren seinale digitala pizteak ez duela “kalterik” ekartzen, “ez teknikoki, ez arlo sozialean”.

Euskal Irrati Telebistaren ustez, digitalizazioa “Nafarroako Gobernuarekin ados jarrita” abiatu dute, “erabiltzaileei edo beste operadoreei kalte egin gabe”. Halaber, EiTBk gaineratu duenez, seinalea digitalizatuz “libre geratu da egungo seinale analogikoaren espazio erradioelektrikoaren % 50”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!