Lankidetzarako protokoloa sinatuko dute Nafarroak eta EAEk

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 3a, 14:17
Argazkia: Uxue Barkos eta Iñigo Urkullu, artxiboko irudi batean.

Hemezortzi arlotan elkarlanean aritzeko protokoloa adostu dute Urkullu lehendakariak eta Barkos presidenteak. Besteak beste, hizkuntza politika, ogasuna eta gizarte zerbitzuak jorratuko dituzte.

Elkarlana izanen da Nafarroaren eta EAEren giltzarria hemezortzi arlotan. Jada protokoloa adostu dute Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak eta Uxue Barkos Nafarroako presidenteak. Jaurlaritzak gaur bertan onartu du, eta bihar emanen du ontzat Nafarroako Gobernuak. Datozen egunotan sinatuko dute bi agintariek.

Ez da gauza berria, baina. 2009an sinatu zuten jada gisa bereko protokolo bat Nafarroak eta EAEk, besteak beste, AHTaren sustapena bultzatzeko, ETB legalki ikusteko eta euskara indartzeko.

Oraingo elkarlanerako protokoloak honako esparru hauek barnebiltzen ditu: Gizarte zerbitzuak; berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria; osasuna eta kontsumoa; hezkuntza eta kultura; hizkuntza politika; gazteria eta kirola; ingurumena; klima aldaketa eta lurralde, turismoa, antolamendua; bakea, bizikidetza eta giza eskubideak; babes zibila eta segurtasun publikoa; toki-administrazioa; nekazaritza eta landa garapena; komunikazio eta garraio azpiegiturak; funtzio publikoa; administrazio elektronikoa eta zerbitzu publikoen funtzionamendua; espezializazio adimentsuaren estrategia eta garapen ekonomikoa; justizia administrazioa; eta ogasuna eta finantza politika.

Hemezortzi arlo horietan "ekintzak hobetzeko koordinazioa" ardatz izanen dutela esan du Nafarroako Gobernuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!