Ijito komunitateari harrera egin dio parlamentuak

Euskalerria Irratia 2016ko api. 28a, 08:46

Aurreiritziak "deuseztatu" behar direla esan du Ainhoa Aznarez ganberako presidenteak, "elkarbizitza afektiboaren" mesedetan.

1435eko apirilak 27 zituenean iritsi ziren lehen ijitoak Nafarroara. Horrela jasotzen dute historia liburuek, eta, horregatik, Nafarroako Ijito Komunitatearen Eguna izendatu zuten data hori. Atzo, ospakizuna eta aitortza uztartu nahian, ijito elkarteei harrera egin zien parlamentuak.

"Herri ijitoa ez dugu beti aurreiritzirik gabe ikusi. Estereotipatutako eta karikaturizatutako  irudi hori hautsi behar dugu, tolerantzia eta ulermena bultzatuz", esan zuen Aznarezek. Era berean, Foessa Fundazioak bazterketaren inguruan egindako txosten bat izan zuen hizpide, krisiak asko kolpaturiko kolektiboa dela esanez.

Nafarroako ijito entitateen presidente Ricardo Jimenezek aipatu zuen garrantzitsua dela ijitoek "instituzioetan hitza hartzea".

Apirilaren 4an, Nazioarteko Ijito Komunitatearen Egunaren karietara, deklarazio bat onartu zuen parlamentuak. Bertan, ijitoak agenda politikoan sartzea "lehentasuna" dela adostu zuten; bai eta "beharrezko baliabideak" eskaini behar zitzaizkiela ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!